(Argazkia: Goiena.eus)
Pianoan jaso zuen hezkuntza klasikoa Arantzazu Saizek (Oñati, 1975), horretaz gain, Bartzelonako Taller de Music-en jazzean trebatu eta proiektu ezberdinetan parte hartu izan du. Oñatikoak hala ere, musikarenganako duen maitasuna akademiatik harago doa, emozioak azaltzeko bide zabal eta anitz bezala ikusten baitu musika.
Saizek pieza klasikoak interpretatzeaz gain, jazz, funk edota pop estiloak ditu gustuko eta kaleratu berri duen Bidean diskoa guzti horren isla da. Izan ere, bidea da piano jotzaileak bere karrera ulertzeko duen modua, etengabeko ikasketa prozesua, musikaren hizkuntza eta espresiobide guztietatik edanez, lanerako inspirazioen bila. Bakarkako lehen lana da Bidean eta Gaztelupeko Hotsak zigilupean ikusi du argia. Saizek Hasier Oleaga (bateria) eta Joseba Loinaz (baxua) musikariak izan ditu lagun zortzi pieza instrumentalez osatutako diskoa ontzerako orduan.
Oñatiko Lazarragako plazan eskainiko du piano-jotzaileak lehen zuzenekoa, uztailaren 10ean, 20an berriz, Gasteizko jazz jaialdira egingo du saltoa.