‘Amama’, Euskal Herrietako ipuin tradizionalak dantzan jarriko dituen ikuskizuna

Aukeran Dantza Konpainiak martxoaren 18an taularatuko du familiei zuzendutako obra, Bilboko Arriaga antzokian.

Aukeran Dantza Konpainiak familiei zuzendutako Amama ikuskizuna taularatuko du Bilboko Loraldia Festibalean. Obraren muinean galdera sinple eta unibertsal bat dago: “zergatik dira ipuinak eta dantza bizitza bera bezain zaharrak?”.

Piezak Euskal Herriko ipuin tradizionalak hartu eta gaurko eszenara ekarriko ditu, dantza, musika eta dramatizazioaren bidez, belaunaldien arteko transmisioa eta irudimena aktibatzeko.

Amama batek ipuinak kontatuko dizkio ohean dagoen bilobari. Ipuinen irakurketarekin batera, dantza izango da istorioen irudikapen koreografikoaren protagonista, eta ikusleak “bidaia” batean sartuko dira gure herriko geografia ezberdinetan barrena, pertsonaia harrigarriekin.

Ikuskizunaren egitura bederatzi piezatan antolatuta dago: zazpi ipuin (herrialde bakoitzeko bat), eta sarrerako eta amaierako koreografia bana. Trantsizio batzuk “bertso modukoak” izan daitezke, piezen arteko lotura poetikoa indartuz.

Lantaldearen esanetan, “Amamaren abiapuntua ipuin kontaketaren tradizioa da: belaunaldiz belaunaldi transmititu den ohitura, istorioen bidez haurrei bizitzarekin duten harremana erakusten diena. Ipuinek fantasiatzeko, pertsonaia eta mundu berriak sortzeko eta besteekin komunikatzeko gaitasuna lantzen dute; eta, aldi berean, tradizioak bizirik mantentzeko tresna dira”.

Hala, ideia hori eszenaratu egiten du ikuskizunak: “ipuina ez da bakarrik kontatua izango, baizik eta dantzaren bidez irudikatua. Horrek publikoari (eta bereziki familiei) aukera ematen dio istorioak gorputzez eta musikaz bizitzeko”.

Ipuinen zerrenda

Baratxuri (Nafarroa), Zapatari txikia (Zuberoa), Errobi ibaiaren ondoko errotariaren txakurra eta txori kantaria (Behe Nafarroa), Iholdiko txoritxoaren arrautza (Lapurdi), Sorgin gaiztoa (Gipuzkoa), Arrautza bi eta hiru tresna harrigarri (Araba) eta Lamina umetxoaren sehaskan (Bizkaia).

Amamarekin, Aukeran konpainiak haurren mundura hurbiltzeko urratsa eman du, “errespetuz eta gogotsu”, ipuin tradizionalen irakurketa berritu batekin eta koreografia berriekin.

Ikuskizuna hilaren 18an izango da, arratsaldeko 19.30ean, Arriaga antzokian.

Zabaldu:

Utzi erantzuna