Hamaikagarren edizio honetan mahai-ingurua, kontzertuak eta arte bizietako pieza laburrak izango dira.
Zurrunbilo, euskarazko arte eszeniko garaikideen jaialdia, diziplinarteko ikuspegi batetik, jaialdia publiko berriengana hurbiltzen, tokiko konplizitatea sortzen eta beste lurralde historiko batzuetako programa eszenikoekin loturak sortzen saiatzen da.
Hamaikagarren edizioa hilaren 26tik 29ra bitartean izango da eta egitarauak mahai-ingurua, kontzertuak eta arte bizietako pieza laburrak jasoko ditu.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “oraingo honetan, pieza guztiak esperimentu eszeniko laburrak izango dira, gehienez 30 minutuko iraupenekoak, eta gorputza, ahotsa eta jolasa dira errealitatea eta giza esperientzia hainbat dimentsiotan aztertzeko tresna”.
Zehaztu dutenez, “batzuek barrura begiratzen dute, eraldaketa pertsonalera eta identitatera; beste batzuek kanpora begiratzen dute, eguneroko bizitzara, zorira eta absurdora. Konplexutasuna, ziurgabetasuna eta identitateen ugaritasuna ezaugarri dituen mundu honetan, lan hauek gai garaikideak aztertzera gonbidatzen dute publikoa, batzuetan gai horiek jorratzeko konplexuak direnak, hala nola identitatearen, subjektibotasunaren eta pertzepzioaren mugak; hizkuntza desberdin batetik abiatuta, errealitateari aurre egiteko eta komunikatzeko moduen aniztasuna erakutsiz”.
Jaialdia martxoaren 26an, osteguna, hasiko da, 18:00etan, Izaskun Arrue Kulturgunean (IAK), EHAZEk antolatutako Euskaraz eta eszenaz etxeko zapatiletan mahai-inguruarekin Ane Gebara, Josune Velez de Mendizabal, Idoia Tapia Martinez, Eihara Fernandez de Larrea eta Odei Arregi gonbidatuekin. Ondoren, Esanezin eta Postal kolekzionistak taldeak oholtzara igoko dira. Mahai-ingurura joateko izena eman behar da info@salabaratza.com (mahai-ingurura joaten direnak kontzertuetara gonbidatuko dira). Kontzertuetarako sarrerak www.iak.eus webgunean daude eskuragarri.
Jaialdiak larunbatean izango du jarraipena
Jarduerak larunbatean eta igandean hasiko dira berriro Baratza aretoan, ostiralean Korrika Gasteizen izango baita.
Larunbatean, martxoak 28, 20:00etan, bi antzezlan labur ikusteko aukera egongo da: Arma tiro pum (Aitor Vinagret) eta Alter-nation (Idoia Tapia Martinez). Lehenean ezer ez da dirudiena, “herrialde eta garai desberdinetatik bidaiatzen dugu eta guztietan, umeak kalean ari dira jolasean. Zeruan, sentimendurik gabeko hegazkinek protagonismoa hartzen dute. Eszenatokian, foko baten aurrean, onomatopeiak erabiltzen dituen aktoreak skate arrunt bat gauza izugarrietan transformatzen ditu”, azaldu dute. Bigarrena, berriz, Identitatearen Nahasmendu Disoziatiboaren (IND) inguruko pieza eszeniko-sonoroa da, ahots-efektu artifizialen bitartez, psikopatologia honen funtzionamendua ulertzen saiatzen dena.
Igandean, martxoak 29, 19:00etan, Aitzol Iraolaren Hustu eta Les bobe boberen Dada ü lalaren txanda izango da. Lehenak oihartzunez betetako espazio batean hutsaren bila dabilen gorputz bat erakusten digu. Site-specific horretan, gorputza, ahotsa eta espazioa elkarrizketa bizian elkartzen dira, erortzen uzteko amildegia eta husteko ekintza erradikala arakatuz. Ariketa intimo eta kolektiboa da, non unean bertan dauden pertsonek osatzen duten obra, sortzaile, interprete eta ikuslearen arteko mugak ezabatuz. Bigarren lanarekin emango diote amaiera aurtengo edizioari, mundua ulertezina den garaietan bi emakumeei ulerterreza den, zentzua daukan eta koherentziadun zerbait eskatzen dieten momentuan sortzen den hekatonbe artistikoaren eztanda. Boom grrr pum pam fliiis! Txof… Hitzak ez du balio jada…
Azkenik, edizio honetako nobedade gisa, solasaldi gune bat antolatu dute ardo batekin partekatzeko. Ekimen honek testuinguru sozial eta lasaian hizkuntzaren erabilera sustatzea du helburu, baita pentsatu, eztabaidatu eta sentitzeko aukera ematen duten obren inguruan etenaldi eta elkarrizketa denbora bat eskaintzea ere. Horrela, jaialdia kultura-kontsumorako izateaz gain, elkartrukerako, sorkuntza partekaturako eta gai garaikideei buruzko hausnarketarako gune ere izateko asmoa indartuko da.
Zurrunbiloko ikuskizun guztietarako sarrerak https://salabaratza.com webgunean daude eskuragarri. Sarrera soziala ere eskuragarri izango dute bertaratu nahi eta admin@salabaratza.com sarrera ekarri ezin dutenek.