15 eta 21 urte bitarteko hogeita hamar bat gazte parte hartzen ari dira programan. Egitasmo horren bidez, Iruñeko Udalak hiriko kultura garaikidera modu sortzailean hurbiltzeko apustua egin du.
Taldeka programaren bigarren edizioa urrian abiatu zen, eta apirilean amaituko da. Zazpi hilabete hauetan, 15 eta 21 urte bitarteko hogeita hamar bat gazte hainbat sormen-lantegitan eta artistekin antolatutako topaketetan parte hartzen ari dira, hiriko bizimodu kultural eta artistikoa ezagutzeko eta, hala, kultura garaikidera modu sortzailean hurbiltzeko.
Iruñeko Udalak bultzatzen du bitartekaritza artistikoko programa hori, Izan ere, hirian artearekiko jakin-mina duten gazteak elkartzeko gune gutxi daudenez, gabezia horri erantzun nahi zaio. Hala, Ziudadelako eraikinak, bai eta ekoizpenarekin lotutako hiriko beste gune batzuk ere, arteari buruzko hausnarketarako, proposamenak egiteko eta elkarlanean aritzeko gune bihurtzen dira. Ikastaroa hasi zenetik, hilean bi saio egin dira, aldizkatutako ostegunetan, eta lantegiak eta topaketak egin eta erakusketak bisitatu dira, baita kultur ekitaldietan parte hartu ere, elkarrizketa guneak eta sorkuntza kultural eta artistiko kolektiboko guneak sortzeko xedez.
Oihane Macguinessek eta Karmele Oterosek gidatzen dute programa, eta eginkizun hauek dituzte: bitartekaritzako programa osatzea, jarduerak koordinatzea eta parte-hartzaileak banatu diren bi taldeak hartu-emanean jartzea. Saioek praktika artistikoa, esperientzia eskuratzeko jarduerak eta irakaskuntza uztartzen dituzte. Azaldu dutenez, “saio bakoitza aukera bat da gazteek kultura deskubritu eta esperimentatzeaz gain, kultura birdefinitu eta bere egin dezaten, Nafarroako kultur panorama garaikideari ekarpen aktiboa egiteko xedez”.