Urtero bezala, Loraldiak idazle bati eskatzen dio testu bat asma dezan geroan pentsatuz, emanaldian irakurketa egin eta zuzeneko musika eta bertsolaritza uztartzen dira. Edizio honetan, Miren Agur Meabe izan da gonbidatu duten egilea eta haren narrazio originala abiapuntu hartuta, Antton Valverdek jarriko dio musika eta Amaia Agirre, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariak arituko dira.
Ahaztu nirekin Loraldia Festibalaren barruan hilaren 22an aurkeztuko den emanaldi berezia izango da. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “etorkizunari begira idatzitako narrazio original baten estreinaldia izango da, bertsoaren bat-batekotasunarekin eta zuzeneko musikarekin uztartuta”.
Hala, Loraldiak Miren Agur Meabe idazleari eskatu dio etorkizunari begira jartzea. Eskaera horren ondorioz, Meabek narrazio original bat sortu du, eta testua izango da Ahaztu nirekin emanaldiaren abiapuntua. “Idatzia ez da irakurraldi hutsa izango: eszenan, hitzak beste bi diziplina aktibatuko ditu: musika eta bertsoa, etorkizunari buruzko gogoeta kolektibo bilakatzeko”.
Musikari dagokionez, idazle gonbidatuari musikaria proposatzeko eskatzen zaio, eta aurten Meabek Antton Valverde aukeratu du. Valverdek zuzeneko soinu banda jarriko dio testuari, eta literaturaren erritmoak eta tentsioak beste geruza batean iradokiko ditu, bertsoek eszenan izango duten jokoarekin elkarrizketan.
Emanaldiaren hirugarren katebegia bertsolaritza da. Aurten, Amaia Agirre arituko da gai-jartzaile lanetan, eta Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariak izango dira taula gainean. Bertsolariek ez dute aldez aurretik Meaberen testua ezagutuko, “hortxe egongo da formatuaren nerbioa: lehen aldiz entzutean, unean bertan, literaturak eta musikak irekitzen duten espazioan inprobisatuko dute”.
TopARTE programa
Ahaztu nirekin ekitaldia Guggenheim Museoak duen TopARTE programan jasotzen da. Horrek sendotu egiten du Loraldiak duen helburua: “euskarazko kultura garaikidea espazio adierazgarrietan kokatzea, ikusgarritasuna handitzeko eta publiko zabalagoetara iristeko”.