Osteguneko egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da, Korrika Txikiarekin, eta goiz osoan zehar, hainbat ekimen izango dira: txarangak, ikusgarriak, dantzaldiak, jiganteak, gaiteroak…
Ostegunean, martxoak 19, Euskal Herriko jendarteak hitzordu garrantzitsu bat izango du Atharratzen: 24. Korrikaren hasiera. Lasterketa berez arratsaldeko 15:30ean abiatuko den arren, goiz-goizetik “giro ezin hobea” izango dela aurreratu dute AEKko ordezkariek. Egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da, Korrika Txikiarekin, eta goiz osoan zehar, hainbat ekimen izango dira: txarangak, ikusgarriak, dantzaldiak, jiganteak, gaiteroak…
Ondoren, 15:00etan, 24. Korrikaren hasiera-ekitaldia izango da, Herriko plazako oholtzan. Bertan, AEKideek eta Xiberoko euskalgintzako Oihana Larrandaburuk hastapena emango diote lasterketa erraldoiari, dantzari eta txalapartari zuberotarrek lagundurik.
Behin mezua lekukoaren barnean sartuta, 15:30ean abiatuko da Korrika. Lehen kilometroko lekuko-hartzea Euskal Irratiek egingo dute. “Haiek, AEKren gisara, 90. hamarkadatik egiten dute lan euskararen alde, eta ezinbesteko tresna dira egunerokotasunean, Iparraldean euskaraz bizi den ororentzat”.
Korrikak Nafarroa Beherean barrena segitzen duen bitartean, bestak Maulen segituko du, hainbat kontzertu eta ekitaldirekin (denak, herribarneko aparkalekuan): Utxaranga, Kuartz eta Frigo. Horrez gain, jateko eta edateko postuak izango dira, gaualdia bukatu arte.
Basabürüa eta Zuberoa, Korrikaren alde
Hala, Zuberoak protagonismo osoa izango du ostegun honetan, AEKko gau eskolek, herriko eragileek eta Basabürüko laguntzaile guztiei esker. Hainbat hilabetez lanean aritu ondoren eta auzolan erraldoi bati esker, martxoaren 19an Atharratze prest izango da 24. Korrikara joango diren herritar guztiei behar bezalako harrera egiteko. “Bertan, herriko euskaldun eta euskaltzale guztiek topo egiteko aukera ezin hobea izango dute, euskararen aldeko besta ederrean”, adierazi dute.
Basabürüan, euskararen egoera larria den arren, “24. Korrikak erakutsiko du bertan euskararen transmisioa eta erabilpena ez direla eten, euskaraz bizitzeko nahia badela. Espero dugu euskararen aldeko besta erraldoia helduen aktibazio linguistikorako tresna izango dela”, nabarmendu dute.
Informazio praktikoa
Atharratzera bertaratzeko aukera desberdinak izango dira: autobus-lineak Euskal Herri osotik, Pausu, Baiona eta Uztaritzetik. Autoa aparkatzeko lekuak izango dira, bai eta furgonetak gelditzeko toki berezi bat ere, bezperatik etorri nahi dutenentzat.
Antolakuntzak azpimarratu duenez, “Korrika abiatutakoan, jendeari eskatu nahi genieke Atharratzen geldi daitezen 17:30era arte, hots Korrika Maulera heldu arte, bide bakarra baita eta korrikalarien babesa ezinbestekoa baita”.
Informazioa, hemen.