(argazkia: Etxepare Euskal Institutua)

24. Korrika munduko 17 hiritan egongo da presente

Etxepare Euskal Institutuak nazioartean sustatzen dituen euskara eta euskal kultura irakurletzek eta euskal etxeek egitarau bereziak antolatu dituzte AEKren ekimenarekin bat egiteko. Korrika bihar abiatuko da Atharratzetik.

Euskara gara lelopean, 24. Korrika nazioartera zabalduko da edizio honetan ere. Ohi bezala, Etxepare Euskal Institutuak bat egingo du AEKren ekimenarekin, Euskal Herritik kanpo euskarari babesa eta zabalkundea emateko. Horrela, mundu osoko euskal etxeetako kideek eta unibertsitatetako euskara eta euskal kultura irakurletzen irakasleek askotariko jarduerak antolatu dituzte egunotarako. Orotara, Institutuak sustatutako ekimen ugari egingo dira munduko 17 hiritan, Korrikaren nazioarteko testuinguruan.

Bihar abiatuko da Korrika Atharratzetik eta martxoaren 29ra arte luzatuko da. Denera, 2.175 kilometroko ibilbidea izango da Euskal Herri osoan zehar.

Europan, zortzi hiritan (Alemanian, Espainian, Frantzian, Italian, Polonian); Hego eta Ipar Amerikan, zortzi hiritan (AEB, Kolonbia, Mexiko, Peru, Txile); eta Ozeanian Sidneyen antolatu dituzte ekintzak bertako Euskal Etxeek eta unibertsitatetako irakurletzek.

Alde batetik, euskara eta euskal kultura irakurletzek antolatu dituzte ekintza hauek. Etxepare Euskal Institutuak mundu osoko unibertsitateekin lankidetza-hitzarmenak sinatzen ditu euskal ikasketak eskaini ditzaten. Euskara eta euskal kulturarekin loturiko ikasgaiak ematen dituzte Institutuak sustatutako irakurletzek munduko hainbat unibertsitatetan. Programa ezberdinen bidez irakurleen prestakuntza eta ikasleen euskara gaitasuna sustatzen du Institutuak.

Bestetik, munduan zehar dauden hainbat Euskal Etxek ere antolatu dituzte ekintzak. Etxepare Euskal Institutuak harreman estua du munduko hainbat euskal etxeekin, haietan euskara irakatsi dadin sustatzen baitu, bai Euskara Munduan programaren bidez, bai eta material didaktikoa bidaliz ere.

Munduko hiri askotan, bertako irakurletzetako ikasle eta irakasleek eta euskal etxeko kideek elkarlanean antolatu dituzte Korrikaren aldeko ekintzak, nazioarteko euskal komunitatearen batasunaren adierazle.

Azken edizioetan bezala, Etxepare Euskal Institutuak Korrikarekin bat egingo du aurten ere, euskararen aldeko mezua munduan zehar zabaltzeko. Nazioartean Korrikak sustatzeaz gain, bideo lehiaketa bat antolatu du euskal etxeetako eta irakurletza sareko ikasleen artean AEK-rekin lankidetzan, eta Etxepare gunea babestuko du Bilboko Plaza Barrian, martxoaren 29an, egitasmoaren azken egunean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna