Mari Luz Estebanek idatzi ditu hitzak, Amorantek ondu du musika, eta Itziar Garalucek argien eta irudien ardura hartuko du. Ikuskizuna arratsaldeko 19:30ean izango da, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.
Loraldia Festibalaren baitan, hilaren 26an, osteguna, Maitasuna ez da nahikoa izeneko proposamen berezia aurkeztuko da. Literatura, musika eta irudia uztartzen dituen ikuskizunak maitasunaren ideiari (eta bere mito idealizatuari) modu zorrotz eta poetikoan begiratuko dio.
Antolatzaileen esanetan, Maitasuna ez da nahikoa “maitasun idealaren gainbehera ospatzen duen manifestu poetiko musikatua” izango da. “Proposamenak ez du maitasunaren kontaketa “printze eta printzesen” moldean elikatuko; alderantziz, doinu-printzak bai, baina idealizaziorik gabe. Hitzarekin jolastu eta soinuz lokaztu, ahotsaren hotsak, boza altuak eta altabozak elkarrizketan jarriz”.
Taula gainean Mari Luz Esteban idazlea, Amorante musikaria eta Itziar Garaluce artista bisuala izango dira. “Hiru lengoaia horiek pieza bakarrean harilkatzen dira, literaturaren materialtasuna (ahotsa, esaldia, erritmoa) eta musikaren gorputza (soinu deformatuak, boza, altabozak) elkarren ondoan jarriz, argiak eta irudiek espazioa eta tentsioa eraikitzen duten bitartean”.
Emanaldia arratsaldeko 19:30ean izango da, Bidebarrieta Liburutegian.
Lorazain Eguna
Bestetik, egun berean jaialdiak Lorazain Eguna ospatuko du, Lorazainen komunitateari eskerrak emateko eta euskarazko kulturaren aldeko konpromisoa komunitatearekin elkarrekin indartzeko.