Jarduera ugari antolatu dituzte Donostian Aste Santuko oporraldirako

Hondalea arte instalazioa bisitatzeko aukera izango da, Urgull mendiko hiru zentroak zabalik egongo dira eta San Telmo Museoak artisau papergintzari lotutako jarduerak eskainiko ditu.

Donostia Kulturak eskaintza berezia aurkeztu du Aste Santu eta Pazko Asterako: Hondalea arte instalazioa bisitatzeko aukera izango da, Urgull mendiko hiru zentroak (Historiaren etxea, Natur Txokoa eta Liburutegia) zabalik egongo dira eta San Telmo Museoak artisau papergintzari lotutako jarduerak eskainiko ditu Atzokoak gaur programan.

Lehenengoari dagokionez, Hondalea apirilaren 2tik 12ra egongo da zabalik publiko orokorrarentzat eta egunero zazpi bisita-ordu eskainiko dira, 12:30etik 15:30era arteko ordutegian, ordu erditik behin, eta aldez aurretik erreserbarik egin beharrik gabe.

Cristina Iglesias (Donostia, 1956) artistak Donostiako Santa Klara uhartean egindako lana da Hondalea. 2021ean zabaldu zituen ateak. Hustutako itsasargiaren etxearen barruan induskatuta, Iglesiasen lanak euskal kostaldeko geologia eta ekologia berezia, eta uhartea inguratzen duten ozeanoko uren kemena biltzen ditu.

Urgull mendiko zentroak

Urgull mendiko Historiaren etxea zabalik egongo da Donostiari begira erakusketa bisitatzeko aukerarekin. Erakusketa honek Donostiaren historian zehar ibilbidea egiten du, bere bilakaera ekonomiko, sozial, urbanistiko eta kulturala jasoaz, euskal identitateari erreferentzia eginaz.

Donostiako Liburutegi Sareak Urgull mendian duen zentroa ere irekita egongo da eta jarduera bereziak izango dira astelehen eta ostegunetan, 17:00etan, Polborinean. Martxoaren 30ean, Ipuin dibertigarriak saioa izango da Sergio De Andresen eskutik, 17:00etan. Honetan ipuinak eta magia uztartuko dira. Gonbidapenak doan jaso ahal izango dira, liburutegian bertan, emanaldiaren egunean, 16:30etik aurrera, edukiera bete arte.

 Apirilaren 2, 6 eta 9an, berriz, Urgullen kontu-kontari izango da familientzat 17:00etan.

Azkenik, Natur Txokoa ere zabalik egongo da martxoaren 30etik apirilaren 12ra bitartean. “Natur Txokoa Cristina Enea Fundazioak kudeatzen duen naturaren gela berezia da, eta aisialdiko jarduera didaktikoen bidez, naturarekiko errespetua sustatzea du helburu. Artisten txokoa zabalik egongo da egunero, material naturalak eta birziklatutako elementuak erabiliz, jostailu eta artelan desberdinak egiteko. Haurrentzako tailer eta jarduera sortzaileak izango dira egunero, eta horiez gain, astearte eta asteazkenetan, 17.00etan, jarduera bereziak izango dira.

San Telmo Museoa

San Telmo Museoak lanbide tradizionalei eskaintzen dien programa da Atzokoak gaur. Aurten, artisau papergintzaren inguruko jarduera bereziak eskainiko dira museoan Aste Santuko oporraldian: Klaustroan paperari lotutako tresnen erakusketa eta erakustaldiak izateaz gain, hitzaldiak eta haur zein helduentzat tailerrak ere eskainiko dira.

Ostiralean aurkeztuko dira programaren xehetasun guztiak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna