(argazkiak: Donostia Kultura)

Palestinian Museum Digital Archive (PMDA) bildumako hainbat argazki ikusgai egongo dira bihartik aurrera, Donostian

Nire istorioa kontatzeko. Palestinian Museum Digital Archive, 1948-2023 izeneko erakusketa ekainaren 6ra arte bisitatu ahal izango da Okendo Kultur Etxean.

“Hil behar badut zuk bizi behar duzu nire istorioa kontatzeko”, zioen Refaat Alareer idazle palestinarraren poema batek. Orain, Gros auzoko Okendo kultur Etxean paratu duten erakusketaren abiapuntua ere bada: “palestinarren eguneroko bizitzaren istorio bat kontatzea, munduari erakusten zaizkien izu-irudiez harago”. Esposizioa osatzeko Palestinian Museum Digital Archive (PMDA) bildumak biltzen dituen ia hogei mila irudietatik 122 argazki hautatu dituzte.

Antolatzaileen esanetan, “artxibo hau pazientziaz bildu da, herri palestinarraren jazarritako memoria gordetzeko. Izan ere, suntsiketak ez die soilik eragiten bizitzei, eraikinei eta azpiegiturei; baita haien existentzia bera egiaztatzen duen dokumentazioari ere. Material gehiena familia palestinarrek egindako dohaintzetatik dator; familiek 1900. urtea baino lehenagotik argazkiak atera izan dituzte beren eguneroko bizitzaz, eta hori funtsezko lekukotza da, indarkeria etengabearen gainetik, munduko edozein herrialdetako pertsonek bezala gozatzen eta arduratzen diren gauza berberez osatutako gizarte baten errealitatea ezagutzeko: zeremoniak, eskolak eta unibertsitatea, jaiak, kale‑bizitza, ikuskizunak… Horiek guztiak daude erakusketan”.

Pablo Llorcak komisariatutako erakusketak 1948an hasten du ibilbidea, Nakba urtean — 700.000 palestinar beren lurraldetik kanporatu zituztenean — eta gaur egunera arte iristen da. Argazkiek askotariko gaiak jasotzen dituzte, eta teknikak zein estiloak ere oso desberdinak dira, jatorri anitzeko bilduma bati dagokion bezala, eta egileen gehiengoa ez da profesionala. Hala ere, guztiak dira kameraren aurrean inolako poserik gabe ageri diren pertsonen errealitate baten ispilu-lekukotza.

Jarduera osagarriak

Martxoaren 26an bi bisita gidatu egingo dira Pablo Llorca komisarioaren eskutik. Apirilaren 18an, berriz, Beatriz Lecumberrik Palestina, la tierra estrecha. Cronicas de la ocupación israelí liburua aurkeztuko du. Lana palestinarren eta israeldarren eguneroko bizitzan murgiltzen den kronika-liburua da, 2023ko urriaren 7a baino lehen eta ondoren.

Maiatzaren 28an, Teresa Arangurenek Palestina, la existencia negada liburua aurkeztuko du. Gatazka-eremuetako kazetari beterano honek zehaztasunez eta argitasunez azaltzen du nola Palestinako auziak palestinarren genozidiora eraman duen.

Azkenik, maiatzaren 2an, Sol Band musika talde palestinarrak kontzertua eskainiko du areto nagusian. Sol Band 2012an sortu zen eta Gazako folk musika maite duten gazte talde batek osatzen du. Taldea musika-tresna tradizionalen eta modernoen konbinazioagatik eta hainbat generoren fusioagatik nabarmentzen da, baita musikaren bidez transmititzen duten alaitasunagatik eta energiagatik ere.

Zabaldu:

Utzi erantzuna