Olaia Inziarte ostiralean igoko da oholtzara

‘Belarrietan betazalik ez’ lelopean abiatuko da gaur Lekuek Festibala, Gernikan

Mourn, Olaia Inziarte, Manolo Kabezabolo, Xiberoots eta Janus Lester talde eta bakarlariak igoko dira oholtzara igandera bitartean, Gernikako hainbat gunetan.

Gaurtik igandera, Gernikako kale, taberna eta kulturguneak berriro beteko dira musikaz, jendez eta giro onez Lekuek Festibalari esker. Autogestioan oinarritzen den jaialdi honek benetako kultura herrikoian sinesten du, “txikitasunetik hegan egiten duen jaialdia da” diote antolatzaileek.

Hala, bost egunez, kontzertuak, aurkezpenak, dokumentalak, ikastaroak, DJ saioak eta kale ekimenak izango dira Bizkaiko udalerrian, Belarrietan betazalik ez lelopean. Festibalean emanaldiak egingo dituzte, esate baterako, Mourn taldeak (bihar, Iparragirren), Olaia Inziartek (ostirala, Lizeo antzokian), Manolo Kabezabolok (gaur, Lizeo antzokian), Xiberootsek (larunbata, Astran) eta Janus Lesterrek (ostirala, Astran).

Horiez gain, agertoki gainetik pasatuko dira Barrrk, Sistema de Entretenimiento, Caballo Muerte, Campamento Rumano, Aposapo, Akëer, Saguxar, Konpost, Nestter Donuts, Skanderani, Taghufi, Vuelve Ferralla, Kolpeka, Katiuskak, Pelma & Luis Selektorrak, Gaizka Insunza eta Lua Matheus & Rodrigo Mota.

Kontzertuez haratago, martxoaren 28an, Nando Cruz kazetari eta musika ikertzaileak Microfestivales liburua aurkeztuko du, swing dantza saioak izango dira, eta disko eta arte azoka antolatu dute.

Festibaleko bonuak eta sarrerak jaialdiaren webgunean eros daitezke. Egitarau osoa, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna