(argazkia: Ikastolen elkartea)

Euskararen eta ikastolen ertzak erdigunean

Non eta Mugan 2026 gazte topaketan parte hartu duten gazteek aisialdian ere euskaraz bizitzeko konpromisoa berretsi dute.

Pasa den martxoaren 27an, Vianak hartu zuen Non eta Mugan 2026 gazte topaketa, eta 450 gazte inguruk bete zituzten herriko kaleak euskarazko kolore eta ahotsez. Ikastolen Elkarteak antolatuta, muga eremuko ikastoletako ikasleek eta ikastolen jaien antolaketan arituko diren gazteek partekatu zituzten egun osoko jarduerak eta hausnarketak.

Goizean goiz abiatu zen eguna, Foru enparantzan egindako harrerarekin. Bertan, parte hartzaileei egunaren egitura azaldu zitzaien, eta taldetan banatu zituzten. Ondoren, bi jarduera nagusi txandakatuz aritu ziren: talde batek Kike Amonarrizekin solasaldia izan zuen, euskararen egoeraz, mugaldeko errealitateaz eta ikastolen jaien zentzu historiko eta sozialaz sakontzeko; beste taldeak, bitartean, orientazio‑jolas formatuan antolatutako ibilbide ludiko baten bidez ezagutu zuen Viana, herriko kaleetan zehar erronka eta galderen bidez osatu beharreko puzzle baten piezak bilduz. Gero, taldeek alderantziz egin zituzten jarduerak, guztiek bi esperientziak bizi ahal izateko.

Antolatzaileek adierazi dutenez, “egunak aurrera egin ahala, argi geratu zen zein garrantzitsua den ikastolen sarea periferian eta muga eremuetan egiten ari den lana ikusaraztea. Ingurune erdaldunetan eta baldintza sozio‑politiko konplexuetan kokatutako ikastolak sarri euskararen lehen presentzia finkatua dira herri horietan, eta gazteek lehen pertsonan entzun zituzten testigantza eta esperientzia horiek”. Halaber, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez, Herri Urrats, Ibilaldia eta Kilometroak bezalako jaien jatorria, bilakaera eta gaur egungo zentzua ezagutzeko aukera izan zuten, askorentzat lehen aldiz.

Bazkalostean, giro ludiko eta parte‑hartzailea nagusitu zen: bingo musikatuak eta dinamika ezberdinek batu zituzten San Pedro elizaren inguruan bildu ziren gazteak, euskal musika lagun. Arratsaldean, berriz, ikuskizun ibiltaria izan zen Vianako kaleetan barna: musikaren laguntzaz, hainbat geldialdi egin ziren herriko gune ezberdinetan, eta ikasleek eurek prestatutako emanaldiek hartu zuten protagonismoa.

Antolatzaileen esanetan, “Non eta Mugan ez da egun bakarreko ekimena, baizik eta etengabeko lan baten mugarri bat. Vianan sortutako harremanek eta partekatu ziren ideiek jarraipena izatea dute helburu bai ikastolen eguneroko jardunean, bai ikastolen jaien antolakuntza prozesuetan. Gazteek berretsi zuten aisialdian ere euskaraz bizitzeko konpromisoa, eta muga administratibo zein geografikoak gainditzen dituen komunitate zabal baten parte sentitu ziren”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna