Koloretan argitaratua, 36 orrialde eta azal gogorra ditu, eta 800 aleko tirada egin da.
Donostia Kulturak, Donostiako Liburutegien Sarearen laguntzarekin, Asun Balzola Elorza: koloreekin pentsatzen zuen neskatoa albuma aurkeztu du, ilustratzaile eta idazle handiari omenaldia egiteko xedez eta bere lana haur berriei ezagutarazteko.
Lana Yolanda Arrieta idazleak eta Oihana Egaña ilustratzaileak ondu dute eta Denonartean argitaletxeak plazaratu du. Koloretan argitaratua, 36 orrialde eta azal gogorra ditu, eta 800 aleko tirada egin da. Liburua Donostia Kulturako haur liburutegietan egongo da eskuragarri eta ikastetxeetara ere iritsiko da Liburuka programaren bidez. Gainera, liburu dendetan erosi ahal izango da.
Asun Balzola Elorza (Bilbo, 1942 – Madril, 2006) ilustratzaile eta idazle ospetsua izan zen eta hainbat sari irabazi zituen euskal Herrian eta Estatu espainiarrean, besteak beste Espainiako Ilustrazioaren Sari Nazionala (1985) eta Euskadi Saria (1991). Gainera, Estatu espainiarra ordezkatu zuen Andersen Sarietarako hautagai moduan ere (1981 eta 1983). Bere lanek beti islatu zuten bizipen pertsonalen eta sorkuntzaren arteko lotura, Historia de un erizo edo Txoriburu bezalako liburuetan azaldu bezala.
2007an, bere artxibo eta liburutegi pertsonala Donostiako Haur Liburutegi Nagusiari eta Haur Liburuaren Dokumentazio Guneari gordailuan utzi zitzaion. Asun Balzola funtsean haren monografiak, gutunak, lanbide-dokumentuak eta irudiak ikus daitezke. Marrazki eta artxibo digital batzuk Donostiateka plataforman ere ikus daitezke gaur egun.
Donostia Kulturaren babesa
Asun Balzolaren omenezko liburu honek jarraipena ematen die Donostia Kulturak sortzaileak laguntzeko ildoei. Aurreko urteetan Donostia Kulturak babestutako beste lan batzuk honako hauek dira: San Sebastián, postal a postal (1902–1930), Gráficas Michelenarena (2025); Catalina de Erauso, Alvaro Bermejo eta Joseba Urretabizkairena (2025); Atotxa-Egia, Kike Otaegirena (2024); Elbira Zipitria Andereñoa, Antton Kazabon eta Jokin Mitxelena egileena (2024); Igeldoko historia eta istorioak, Jabier Iraolarena (2023); Morlans denboran zehar = Morlans a través del tiempo, Claudio Artesanorena (2022); eta Burnizko potoa, Jokin Mitxelena eta Antton Kazabonena (2020). “Liburu guztiak Donostiarekin lotura berezia duten proiektuak izan dira”.