Leitzan izango da Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala, apirilaren 17an

14 eta 18 urte bitarteko hamar bertsolari gaztek hartuko dute. Saioa 18:30etik aurrera izango da gaztetxean.

Doneztebe eta Iruñeko sailkapen fasea martxoaren 13an jokatu ostean, egun batzuk baino ez dira falta Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala jokatzeko. Apirilaren 17an izango da saioa Leitzako Atekabeltz Gaztetxean, 18:30etik aurrera.

Honetan, iazko txapeldun Kattin Madariaga Apaolazak (Arantza) eta txapeldunorde Kattalin Lizarraga Mendiak (Leitza) abestuko dute, honako bertsolariekin batera: Aner Arkauz Lazkano (Lakuntza), Ekain Telletxea Odriozola (Donamaria), Enaitz Zestau-Telletxea (Bera), Ibai Letona Garaikoetxea (Iruñea), Iradi Goñi Montiel (Sarriguren), Maddi Barandiaran Leitza (Bakaiku), Olaia Leitza Errazkin (Arbizu) eta Xabier Arkauz Lazkanok (Lakuntza).

Eki Mateorenak aurkeztuko du saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Nerea Bruño izango dira saioko epaileak.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak aurreratu duenez, finalak bi fase izango ditu: Lehenengoan bertsolari guztiak arituko dira, eta hortik, lau bertsolari sailkatuko dira bigarren faseko lehengo ariketara. Horietatik bik ganbarako lana egingo dute. Honako hau da sailkatuek egin beharko duten lana:

Lan guztiak eginda puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.

Zabaldu:

Utzi erantzuna