Programak barnean hartzen du Itzalak argitzen (Koldo Almandoz / Gorka Bilbao, 2026) filmaren estreinaldia. Datozen hiru hilabeteetan, 16 film emango dira Gasteizen, Donostian eta Bilbon, hamar saiotan.
Euskadiko Filmategiak ondarea eta emakumeen zinemagintza landuko ditu datozen hiru hilabeteetan, Gasteizen, Donostian eta Bilbon egingo den Euskal zinema zikloan. Azken bosturtekoan euskal emakume zinemagileen lanei argia eman ondotik, Filmategiak zabaldu egingo du fokua aurten, eta 16 film proiektatuko ditu hamar saiotan: “gure zinematografiaren historia nolabait markatu duten izenburuak errepasatuko ditugu”, adierazi dute antolatzaileek.
Hala, apirilean, maiatzean eta ekainean, emakumeek zuzenduriko pelikulak ikusteko aukera izango da Artium Museoan, Bizkaia Aretoan eta Tabakaleran. Ikusgai izango diren lanen artean,honako hauek daude: Yoyes (Helena Taberna, 2000), Hirugarren koadernoa (Lur Olaizola, 2022), Urak aske (Bego Zubia Gallastegi, 2021) eta La capitana Alegría / Pour don Carlos (Musidora / Jaime de Lasuen, 1921).
Gainera, (H)emen ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako Euskal Herriko emakume profesionalen elkartearen hamargarren urteurrena ospatzeko, euskal zinemagintzako lan aitzindari bat proiektatuko da: Irrintzi (Mirentxu Loyarte, 1978), baita elkartearen sortzaileetako batek film horri buruz eginiko berrikuspena ere: Irrintziaren oihartzunak (Iratxe Fresneda, 2016).
Antolatzaileek adierazi dutenez, “ondarea da, berebat, programako gainerako lanak lotzen dituen ardatza, eta, bereziki, Gerra Zibilari eskainitako saioa, Euskal Herriko garai hartako gobernuaren Propaganda Atalak ekoitzitako lau filmek osatua: Entierro del benemérito sacerdote vasco Jose Maria de Korta y Uribarren, muerto en el frente de Asturias (1937), Semana Santa en Bilbao (1937), Guernika (Nemesio Sobrevila, 1937) eta Elai-Alai (Nemesio Sobrevila, 1938)”.
Era berean, Gure Sor Lekuaren bila (2015) lana ere proiektatuko da. Haren bidez, “ziurrenik euskara hutsean eginiko lehenbiziko dokumentalaren historia osatu du Josu Martinez zuzendariak. Dokumental hura Hazparnen estreinatu zuten 1956an”.
Bestetik, Koldo Almandozek eta Gorka Bilbaok ere memoria-ariketa bat egiten dute: Itzalak argitzen (2026) lanean, 80ko hamarkadaren erdialdean produzitutako lau film ertain zaharberritzeko prozesua dokumentatu dute. Iaz zaharberrituak izan ziren Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungria, 1985) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986), Eusko Jaurlaritzarekin eta EITBrekin lankidetzan. Lan horren emaitza gisa sortua da film hori eta lehenbizikoz emango dute zinema-aretoetan.
Filmategiak Jose Angel Rebolledoren Fuego eterno (1985) zinta ere berreskuratuko du.
Komediak ere izango du tokirik zikloan, Agur Etxebeste! filmarekin (Asier Altuna / Telmo Esnal, 2019), Donostian Elena Iruretak aurkeztuko du. Ildo horretan bertan, Un novio de mierda film laburra (Borja Cobeaga, 2010) emango da, baita Pagafantas ere (Borja Cobeaga, 2009).
Sarrerak eskuratzeko, Artium Museoaren, Tabakaleraren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren leihatiletara edo webguneetara jo daiteke.