Elena Odriozola ilustratzaileak jasoko du aurtengo Zabaliburu saria, donostiarrak orain arte egin duen ibilbide luze eta oparoa aitortzeko asmoz.
Liburuekiko maitasuna ardatz hartuta irekiko ditu ateak Zabaliburu Liburu eta Irakurketa Jaialdiak apirilaren 13tik 23ra, Gasteizen. Egitarauak askotariko jarduerak eta azoka bat biltzen ditu. Horretaz gain, Elena Odriozola ilustratzaileak jasoko du aurtengo Zabaliburu saria, donostiarrak orain arte egin duen ibilbide luze eta oparoa aitortzeko asmoz.
Jaialdia, beraz, hilaren 13an, astelehena, abiatuko da eta hitzaldiak, liburu-aurkezpenak, mahai-inguruak, antzerkia, irakurketa-tailerra, irakurketa-maratoia eta baita musika-saio bat ere hartuko ditu.
Antolatzaileek Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrenaren harira antolatutako ekimena nabarmendu dute. Hilaren 17an, Antonio Manuelen Flamenco. Arqueología de lo jondo liburua eta Pepe Tarantoren kopla baten bertsio berria aurkeztuko dituzte. Kopla hori 1976an Gasteizen gertatutako sarraskiaren inguruan gitarra-jotzaileak sortutakoa da. Saioa ‘Memoria gara’ko Juan Ibarrondok dinamizatuko du.
Karmele Jaio idazle gasteiztarrak, bere aldetik, Harrizko bihotza aurkeztuko du hilaren 16an.
Bestetik, edizio honetako irudia Helena Azkarraugarizar artistak egin du, eta, gainera, ilustrazio-tailerra eskainiko du hilaren 15ean.
Zabaliburu azoka eta saria
Larunbatean, hilak 18, 10:30etik 14:00etara, liburu-azoka egingo da gizarte-etxearen kanpoaldean.
Azokaren ondorengo egunetan, berriz, antzerkia, liburuen aurkezpenak, irakurketa-maratoia eta Zabaliburu sariaren banaketa izango dira. Aurten, Elena Odriozola ilustratzaileak jasoko du saria, nazioartean egindako ibilbide luzeagatik. Saria Leire Garcia-Fanguito Blas Arratibel artisautza-lehiaketaren azken edizioko zeramikari irabazleak egindako eskultura izango da.