Gazteen sormena sustatzeko kultur-sormen egonaldian ekainaren 23a eta 27a bitartean Lekeition izango dute aterpe. Sei proiektuek espazioa, denbora eta tutoretza profesionala izango dute.
Loraldiak gazteei zuzendutako sormen-egonaldiaren ebazpena jakinarazi du, gazteen euskarazko kultur-proiektuak sustatzeko ekimenaren baitan. Aurtengo deialdian hamar proposamen aurkeztu dira, eta horietatik sei proiektu hautatu dira. Beraz, hamahiru gazte sortzailek hartuko dute parte ekainaren 23tik 27ra egingo den edizioan.
Ekimen hau Loraldia Gaztea lan-ildoaren barruan kokatzen da ekimena, eta helburua da euskaraz sortzen duten gazteei plaza, denbora, baliabideak eta harreman-sarea eskaintzea, beren sormen proiektuak garatu eta sendotzeko. “Loraldiarentzat, gazteen sormena sustatzea ez da soilik belaunaldi berriei aukera ematea; euskarazko kulturaren etorkizuna elikatzea ere bada. Loraldia Gazteak, hain zuzen, transmisioa, esperimentazioa eta belaunaldi berrien ahalduntzea uztartzen ditu”, azaldu du antolakuntzak.
Aurkeztutako proiektuak eta arloak
Antolatzaileen arabera, aurtengo deialdian hautatutako proposamenek aniztasun handia erakusten dute, bai diziplinei dagokienez, bai sormen begiradei dagokienez. Literatura, dantza, dramaturgia, performancea, ikus-entzunezkoa eta diziplina arteko proposamenak izango dira Lekeitioko egonaldian batuko direnak. Hautatutako proiektuak:
-Fauna | Literatura. Iñigo Satrustegi (Iruñea).
-Beti neure burua zuritzen | Teatroa – Dramaturgia – Performance. Kattalin Noizbehinka (Durango), Paula Brezo (Algorta).
-Magala | Teatroa – Dramaturgia. Amets Ibarra (Erandio), Idoia Tapia (Iruña), Ines Aresti (Leioa), Nahia Sillero (Donosti), Nerea Lizarralde (Bilbo).
-(T)artean | Dantza. Leire Ondarroa (Algorta)
-Lekua lekuko | Literatura. Alaitz Urrutia (Erandio)
-Nik bakarrik, berriz | Teatroa – Dramaturgia – Ikus-entzunezkoa. Ziggy Docherty (Tolosa), Aitzol Villahoz (Barakaldo), Ismael Munuera (Barakaldo).
Egonaldien garapena
Egonaldiak ez du soilik sormenerako espazio bat eskainiko. Parte-hartzaileek lanerako denbora eta lekua, tutoretza eta laguntza profesionala, ostatu-baldintzak eta harreman-sare berriak sortzeko aukera izango dituzte. Gainera, aste horretan Loraldiak Lekeition antolatuko dituen jarduera kulturalekin lotura zuzena izango dute, egonaldia esperientzia trinko eta esanguratsu bihurtuz. Egonaldi hau euskarazko sormen gazteari bultzada estrategikoa emateko sortu da: ideiak partekatzeko, proiektuak fintzeko eta etorkizuneko ibilbide artistikoak sendotzeko.