Astelehenean abiatuko da Gasteizko Liburu Egunak ekimena

Hilaren 23ra arte luzatuko da aurtengo edizioa eta Bernardo Atxagak, Mikel Sotok, Nativel Preciadok eta Lorenzo Silvak hartuko dute parte, besteak beste.

Apirilaren 13tik 23ra Liburu Egunak itzuliko dira Gasteizera. Udal Liburutegien Sareak bultzatutako ekimen hau lekuz aldatuko da eta, lehen aldiz, Montehermoson egingo da. “Urtero, Liburuaren Egunaren inguruan, hainbat jarduera antolatzen ditugu, ospe handiko idazleen eta komikigileen parte-hartzearekin. Helburua irakurzaletasuna eta kultura zabaltzea da, eta aurten, gainera, Montehermoso kokaleku gisa hartuta, kulturune hori sustatu eta sinergiak sortu nahi ditugu. Azken batean, programa honek kulturaren eta herritarren arteko topaketa sortu nahi du, irakurketaren eta liburuen bidez”, azaldu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Programa apirilaren 13an, astelehena, hasiko da, Nativel Preciadoren azken lanaren aurkezpenarekin: El pan de mis hijos. Intriga, metaliteratura eta autofikzioa bateratzen dituen eleberri honek umore-sen handia biltzen du. Aitziber Perez de Karkamo arabar komunikatzaileak idazlea elkarrizketatuko du egilea.

Asteartean, Bernardo Atxagaren, txanda izango da. Egileak bere azken eleberriaren, Enarak izenekoaren, inguruko aurkezpen oso berezia egingo du euskaraz. Proiektu desberdin eta apurtzaile honi buruz hitz egiteko, testuak, irudiak eta beste elementu batzuk erabiliko ditu.

Apirilaren 15ean, asteazkena, Laura Perez Vernettik La venus de los tacones azken lana aurkeztuko du, eta emakumeek komikigintzan lekua izateko dituzten zailtasunak ere hizpide izango ditu, mundu hori tradizioz oso maskulinoa izan baita. Elkarrizketa Azucena Mongek gidatuko du.

Ostegunean, berriz, Lorenzo Silvak Con nadie liburua aurkeztuko du. Naiara Lopez de Munain kazetariak egingo dio elkarrizketa idazleari.

Hilaren 21ean, Javier Alcazar testuen egokitzaileak eta Manu Arroyal ilustratzaileak parte hartuko dute. Bikoteak Nando Lopezen La edad de la ira liburua oinarri hartuta egindako Irakurketa Errazerako egokitzapena aurkeztuko du.

Mirande, herriminez, ezin-minez

Apirilaren 22an, Mikel Soto historialariak Jon Miranderi buruz euskaraz idatzi duen entsegua aurkeztuko du: Mirande, herriminez, ezin-minez. Horretarako, Miel Anjel Elustondo gaian adituaren laguntza izango du.

Liburu Egunak ekimeneko programa osatzeko, M3moria Letrak literatura-lehiaketako sari-banaketa egingo da. Martxoak 3 elkarteak egingo du, apirilaren 23an, osteguna. “Lehiaketaren helburua izan da herritarrak martxoaren 3ko gertaera tragikoetara eta horien testuingurura hurbiltzea, literatura-sorkuntza oinarri hartuta, eta kontakizun literariotik abiatuta herritarren parte-hartzea sustatzea narratibaren inguruan”.

Jarduerak 18:30ean izango dira, eta aurten zeinu-hizkuntzako interprete-zerbitzua egongo da bi saiotan, apirilaren 13an eta 16an. Sarbidea librea izango da edukiera bete arte, eta liburuak saltzeko eta sinatzeko eremu bat egokituko da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna