(argazkia: Tolosako Udala)

Gaur hasiko da Tolofolk jaialdia Tolosan

Neønymus (Silberius de Ura) artistak eta Amaia Elizaran dantzari tolosarrak inauguratuko dute jaialdia arratsaldeko 19:00etan, Berdura plazan.

Gaur abiatuko da Tolofolk, folk musikako musikari eta taldeak biltzen dituen musika-jaialdiaren seigarren edizioa Tolosan. Kultura herrikoiari oihartzuna emateko asmoz, sei emanaldi antolatu ditu JeaJeaka Kultur Elkarteak aurtengo egitarauaren barruan, eta orain artekoekin alderatuta, ediziorik elektronikoena izango dela aurreratu dute antolatzaileek.

Aurten ere Berdura plaza izango da jaialdiaren epizentro nagusia, bertan egingo baitira hiru emanaldi, guztiak 19:00etan. Gaur, Neønymus (Silberius de Ura) artistak eta Amaia Elizaran dantzari tolosarrak inauguratuko dute jaialdia. Bihar, berriz, Harribitxi taldeak txistuaren erabilera berrietan sakonduko du.

Jaialdiari amaiera emateko, apirilaren 12an, Antton Valverde igoko da oholtzara isats-piano eta guzti. Donostiarrak musikari laukote baten laguntza izango du: Joxan Goikoetxea akordeoiarekin, Txema Garces kontrabaxuarekin, Francisco Herrero biolinarekin eta Ivan Carmona biolontxeloarekin.

Horrez gain, larunbatean, apirilak 11, Mercedes Peon Plaza Berrian izango da, 20:00etan. Goizean ere ez da kalepoza faltako, eta kalez kale ibiliko dira herriko zein kanpoko hainbat musika talde.

Urtero bezala, Andia arropa-markak jaialdirako propio sortutako kamiseta ere aurkeztu dute goizean, herriko artisten arteko sinergien erakusgarri. Musika elektronikoari keinu eginez, eta soinu-mahai bat irudikatuz, panderoak eta biniloak ere uztartzen ditu irudiak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna