Erakusketa hilaren 30era arte egongo da zabalik Izaskun Arrue Kulturgunean. Egun horretan bertan, sagardo dastaketa bat egingo da, Arabako ekoizleen eskutik.
A la yuklak, golpian bat erakusketa sagardoaren eta sagardotegien inguruko aisialdiaren bilakaera aztertzen du, azken 200 urteetan zehar. Sagardoetxea Museoak antolatuta, erakusketak XIX. mendearen amaierako sagardotegietako giroa eta ohiturak ezagutarazten ditu, garai hartan aisialdirako eta gizarte topaketetarako gune garrantzitsuak baitziren. Bertan, boloak, toka edo bertsolaritza bezalako jarduerek giro berezia sortzen zuten, eta A la yuklak, golpian bat bezalako esamoldeek sagardoa edateko moduak eta ohiturak islatzen zituzten.
Erakusketak, halaber, txotx errituaren jatorria eta bilakaera azaltzen du, gaur egun sagardotegietako esperientziaren elementu nagusietako bat bihurtu dena. “Bi garai nagusitan banatutako edukien bidez, bisitariak sagardoaren ekoizpenaren eta kontsumoaren aldaketak ezagutu ahal izango ditu: batetik, XIX. mendetik XX. mendearen erdialdera arteko garapena; eta bestetik, frankismo garaiko krisitik gaur egungo berrikuntza eta suspertzera artekoa. Azken finean, sagardoaren kulturaren garrantzia eta haren egokitzeko gaitasuna azpimarratzen ditu”, azaldu du antolakuntzak.
Esposizioari lotutako jarduera osagarriak ere antolatu dituzte, apirilaren 30ean esaterako, sagardo dastaketa bat egingo da, Arabako ekoizleen eskutik.
A la yuklak, golpian bat erakusketa, beraz, apirilaren 30era arte bisitatu ahal izango da, Errementari kaleko IAK-ko bigarren solairuan.