(argazkia: Getxo Kultura)

Getxoko Komiki Azoka urriaren 16tik18ra egingo da

Azoka Areetako Geltokia plazan, Ibaiondo kalean eta Santa Eugenia plazan kokatuko da, ekintza-programa, berriz, Kultur Etxean izango da.

Bineten mundua gustuko dutenen ezinbesteko topaketa da Getxoko Komiki Azoka Euskal Herrian eta baita atzerrian ere. Aurten 24. edizioa du eta urriaren 16tik18ra egingo dute Areetako Geltokia eta Santa Eugenia plazetan eta Itzubaltzetako Ibaiondo kalean eta kultur etxean. Ohi bezala, bederatzigarren artearekiko hitzordu honetan artista ezagunek parte hartuko dute, bai azokaren gune komertzialean, bai kultur etxean programatutako hainbat jardueratan.

Denera, 40 erakusmahai izango dira azokan sektoreko liburu-dendak, argitaletxeak eta fanzineak elkartuz. Bertan, ohi bezala, publikoak azken nobedadeak erosteko aukera izango du, baita bildumako komikiak, askotariko merchandisinga eta komikiaren eta ilustrazioaren munduarekin lotutako beste artikulu batzuk ere.

Itzubaltzetako Kultur Etxeak, bere aldetik, azokaren ekintza-programa hartuko du, besteak beste, erakusketa bat, aurkezpen editorialak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta haurrentzako tailerrak izango direla. Azken horietan, zaleek beren artista gogokoenengana hurbiltzeko aukera izango dute eta, betiko lez, horietako biri omenaldia egingo zaie Azokaren lehen egunean beren ibilbide profesionala saritzeko. Sari bana emango zaie, bata euskal sortzaileentzat eta bestea estatu mailako artistentzat.

Sektoreko erreferentzia

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “mende laurdeneko ibilbidera hurbilduz doa azoka getxoztarra eta komikigintzaren munduan egonkortu da zaleentzako derrigorrezko hitzordu bilakatu arte. Ia 24 urtetan zehar, eskaintza komertzial zabala izan du azokak, baita programazio anitza eta kalitatezkoa ere, bineta eta ilustrazio eszenako artista eta aditu ezagunek parte hartu dutelarik”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna