Baionan eta Zizur Nagusian jokatuko dira kanporaketak eta finala, berriz, Plentzia-Gorlizen izango da.
60 lagunetik gora elkartu ziren larunbatean Legazpiko gaztetxean Señora Sariketaren seigarren aldia aurkezteko. Bertan, aurtengo edizioaren xehetasun guztiak eman zituzten: kanporaketa bi eta finala izango ditu sariketak.
Hala, maiatzean izango dira bi kanporaketak: hilaren 16an Baionako Zizpa gaztetxean eta 23an Zizur Nagusiko Esparru gaztetxean. Hurrengoak izango dira osaerak:
Maiatzaren 16an, Baionako Zizpa gaztetxean: Ana Picallo Perez, June Astegieta unzaga, Maddi Agirre Epelde, Maider Altuna Urbina, Nahia Etxeberri Lopepe eta Oihana Iguaran Barandiaran.
Maiatzaren 23an, Zizur Nagusiko Esparru gaztetxean: Antton Fernandez Lasa, Irantzu Idoate Funosas, Kattalin Lizarraga Mendia, Kattin Madariaga Apaolaza, Kelmene Abaitua Ixazelaia eta Nahia Sasco Etxeberri.
Kanporaketa bakoitzetik hiru bertsolari sailkatuko dira finalera; ekainaren 7an izango da, Plentzia-Gorlizko Danontzat gaztetxean. Gai-jartzaile lanetan Iratxe Legarra Nuin arituko da. Sariketako epaileak Begoña Goiriena, Ibai Lekuona Darceles, Klari Schmidt Lizarde eta Maialen Cadavid Echevarria arituko dira. Finalean, aurreko urteko pameladunak ere epaile lanetan arituko dira.
Aurkezpena egin den moduan, saio guztiak gaztetxeetan egingo dira. Izan ere, espazio horien garrantzia azpimarratu zuten larunbatean, eta tokian tokiko asanblada eta talde feministekin elkarlanean onduko dituzte saioak.
Finaleko sarrerak eta kamisetak
Ekainaren 6an, finalaren aurretik, bazkaria egongo da. Txartelak erosteko aukera sare sozialen bidez irekiko da aurrerago. Kamisetak eskuratzeko, ostera, esteka honetan zein Señora Sariketako Instagramean egin daiteke eskaera; finalean egingo da banaketa.