Sektore prekarizatuenetarikoa izaten jarraitzen duela dio Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak.
Apirilaren 29ko Dantzaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak (ADDE) komunikatu bat plazaratu du sektorearen egoeraren berri emateko. Bertako kideek diotenez, “dantza lanbidea da, hezkuntza, kultura eta enplegua. Eta, hala eta guztiz ere, sektore prekarizatuenetarikoa izaten jarraitzen du, arteen eta kulturaren barruan gutxien aitortzen dena”.
Sorkuntza eta dibulgazio koreografikoaren garrantzia aldarrikatzen dute, “dantza erakustaldiak eta ikerketa, dantzak hezkuntzan, ikasgeletan, duen presentzia aldarrikatzen dugu”.
Era berean, babes instituzional, egonkor eta estruktural handiagoaren premiazko beharra aldarrikatzen dute, “sektore profesional honetan lan egiten dugunontzat baldintza duinak bermatuko dituena”, azpimarratu dute.
Dantza egoera larrian
Kulturaren Euskal Behatokiak ADDE-rekin elkarlanean egindako 2022ko urriko txostenean jasotako datuen arabera, dantza egoera larrian dago Euskal Herrian. “Oro har, dantzaren sektorean prekarietate maila nabarmena antzematen da. Inkestatutako pertsonen artean, aukera nagusia da nolabaiteko egonkortasuna lortzea zailtasunekin (% 36,6k adierazi du ibilbide arrakastatsu erlatiboa duela), baina % 44k ezegonkortasunen bat adierazi du, dela lana beste sektore batzuekin konbinatzeko beharragatik (% 21,95), dela lana eta prestakuntza konbinatzen jarraitzeko egoeran egoteagatik, baita dantzaren beste sektore batzuetan parte hartzeagatik ere (% 21,95). Soilik % 13,4k adierazi du ibilbide erraza izan duela dantzaren munduko lan egonkortasunerantz, ikuspegi horretatik arrakastatsutzat jo daitekeena. Lanaren aldizkakotasuna, sektore artistikoen egiturazko ezaugarri bat da, agerian geratzen da lan egindako hilabeteen batezbestekoa 8,4 delarik”.
EAEn 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra programatutako kultura-jardueraren azterketan Kulturaren Euskal Behatokiak jasotako kultura-programazioaren datuei ere erreparatuz, iaz, 927 dantza-emanaldi programatu ziren, hau da, azterlanean jasotako programazio osoaren % 4,1. “Dantza da ikusgarritasun gutxien eta kuota txikiena duen diziplina programazioan, programatutako 5.898 kontzertuekin (programazioaren %26,3) edo antzerki eta zirkuko 4.612 emanaldiekin (programazioaren %20,7) alderatuta”.
2024. eta 2025. urteetako dantza-programazioa konparatuz “ikusiko da nahiz eta azterketak emanaldien kopuruan igoera txiki bat jasotzen duen, 2024an 907 emanaldi izatetik 2025ean 927 emanaldi izatera pasatuz, diziplinaren araberako datuei erreparatuz gero, igoera hori dantza tradizionalaren programazioan soilik aplikatzen dela; aldiz, dantza garaikidean, ballet klasikoan edo beste batzuetan, beherakada bat ikusten da programazioan”.
Nabarmendu dutenez, “dantza ahultasun eta gutxiengoan kokatzen duten datu negargarri horiek gorabehera, sektoreak bizirik jarraitzen du, eta dantzak, asko kontra izanik ere, sortzaileen, hezitzaileen, interpreteen, kudeatzaileen, ikertzaileen batailoi oparoa osatzen du”.
Dantzaren lan-errealitateak, kasu gehienetan, “eginkizun anitzak, aldizkakotasuna eta autoenplegua dakartza berekin. Dantza lanbide bihurtzeak ez luke prekarietatea ekarri behar, ezta oinarrizko lan eskubideei uko egitea ere”.
Hori guztia dela eta, administrazio publikoei eta gizarte osoari eskatzen diete “dantza aitor dezatela balio kultural, hezitzaile eta sozial gisa eta enplegua sortzen laguntzeagatik kultura-, hezkuntza- eta lan-politika koherenteak bultzatzea, eta ekosistema jasangarri bat eraikitzea, profesionalek beren lana duintasunez egin ahal izateko”.