Maiatzaren 8an, Zinema eta literatura solasaldia izango da, eta 9an, Poesiagintza berri bat zedarritzen errezitaldia.
Euskaltzaindiak Euskal Literatura Nafarroan izeneko jardunaldiaren bigarren edizioa aurkeztu du gaur Akademiaren Nafarroako ordezkaritzan. Jardunaldi hauek Nafarroako idazle-talde batekin elkarlanean antolatzen dira.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “euskal literaturan eta Nafarroan bereziki sortzen diren lanak eta euskaraz idazten duten sortzaileak ezagutaraztea eta hauspotzea da asmoa”.
Iazko jardunaldian euskal literaturak Nafarroan duen egoera aztertu bazen, aurtengoan zinemaren eta literaturaren arteko harremana jorratuko da: hain zuzen, zinemak literaturzaletasunean duen eragina, aspaldikoa baita diziplina bien arteko harreman hori, eta azken urteotan areagotu egin da. Azkenik, berriki poesia-lanak argitaratu dituzten Nafarroako zenbait poeta gonbidatu dira, beraien lanak jendaurrean irakur ditzaten.
Aurtengo edizioak bi egun hartuko ditu, maiatzaren 8a eta 9a, eta Iruñeko Kondestablearen jauregian izanen dira ekitaldiok.
Hala, maiatzaren 8an, Zinema eta literatura solasaldia izango da, 18:30ean. Bertan, zinemarako egokitu diren literatur lanak, egokitzapen prozesuan gainditu beharreko erronkak eta bestelakoak izango dira hizpide. Horretarako, zinemaren eta literaturaren arloan eskarmentu handia duten lau adituk (Pello Lizarralde, Gaizka Izagirre, Imanol Rayo eta Begoña del Teso) beraien iritziak eta bizipenak partekatuko dituzte, Ariane Kamio kazetariak gidatuta.
Maiatzaren 9an, aldiz, poesia-errezitaldi bat izango da, 12:00etan, Poesiagintza berri bat zedarritzen izenburuaren ildoan. Bertan, Uxue Juarez, Hasier Larretxea eta Arantzazu Lizartza poeta nafarrek beraien poemak irakurriko dituzte. Alicia Erkuden Griffiths Turrillas harpa- jotzaileak girotuko du errezitaldia.