(argazkia: Bertsozale elkartea)

Irati Alcantarillak jantzi du txapela Uztaritzen, Hernandorena sariketako finalean

Urruñarra Nahia Etxeberri, Kattin Madariaga, June Aiestaran, Izaro Bilbao eta Irantzu Idoate bertsolariekin batera aritu da bertsotan finalean.

Joan den larunbatean jokatu zen Hernandorena sariketaren final handia Uztaritzeko Latsa gelan, eta giroa ez zen nola-halakoa izan: aretoa jendez mukuru bete zen bertsolari gazteen jardunaz gozatzeko. Antton Lannes gai-emaileak banan-banan deitu zituen oholtzara saioan parte hartu zuten sei finalistak: Izaro Bilbao, June Aiestaran, Irati Alcantarilla, Kattin Madariaga, Nahia Etxeberri eta Irantzu Idoate.

Saioaren lehen partean, bertsolariek hainbat ariketari aurre egin behar izan zieten: zortziko handian eta txikian aritu ziren lehenik, puntu-erantzunei erantzun zieten ondoren, eta hitz bati bertso bana kantatu ostean, hamarreko txikiarekin amaitu zuten lehen fasea. Lan horiek guztiak entzun ostean, Iban Thikoipe eta Jon Garmendia Txuria epaileek hala ebatzita, June Aiestaranek eta Irati Alcantarillak egin zuten aurrera, buruz buruzkoan jokatzeko.

Azkenean, Alcantarilla suertatu zen garaile, eta Beñat Soulek jantzi zion txapela urruñarrari. Sariketa honek duen alde informal eta hurbilaren erakusgarri, bertsolari bakoitzak opari bereziak jaso zituen Axier Mingo Hernaniko hautetsiaren eskutik, izan ere sariketa honen laguntzaile baitira Hernani, Zizurkil eta Bergarako herriko etxeak.

Bertsozalek eskerrak eman nahi izan dizkie babesle guztiei: aipatu herriko etxeak, Pagolako Auzteia ostatua, Hendaiako Enbata gaztetxea eta harrera bikaina eskainitako Uztaritzeko Latsa elkarteari, “beste urte batez, mugarik gabe eta Euskal Herriko txoko ezberdinetako gazteak entzunez, bertsolaritzaren harrobia indartsu dagoela frogatu da”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna