'Makil hotsak' ikuskizuna

KaldeArtek Gasteizko kaleak agertoki bihurtuko ditu ekainaren 12tik 14

20. edizioa ospatuko du aurten KaldeArtek, eta horretarako 32 konpainia eta 58 zuzeneko emanaldi bilduko ditu Gasteizko erdigunean. Antzerkia, zirkua, dantza eta musika uztartuko dituen egitarauak tokiko zein nazioarteko proposamenak ekarriko ditu hiriko kaleetara.

KaldeArte Gasteizko plazetara itzuliko da ekainaren 12tik 14ra, eta aurten mugarri berezi batekin egingo du: 20. edizioa ospatuko du. Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiak hiriko erdigunea arte eszenikoen agertoki bihurtuko du berriro ere, askotariko diziplinak publikoari gerturatzeko asmoz.

Aurtengo programazioak 32 konpainia bilduko ditu guztira, eta hiru egunetan zehar 58 zuzeneko emanaldi eskainiko dira. Antzerkia, zirkua, dantza eta musika izango dira egitarauaren ardatzak, espazio ezberdinetan garatuko diren proposamenekin. Antolatzaileen asmoa “esperientzia bereziak” eskaintzea da, “errepikaezinak” izango diren zuzeneko emanaldien bidez.

Edizio berezi honek atzera begiratzeko tartea ere hartuko du. Izan ere, KaldeArtek bere ibilbideko bi hamarkadak ospatuko ditu, aurreko 20 edizioetan programazioaren parte izan diren ikuskizun eta konpainiak berreskuratuz. Horrela, jaialdiaren historian arrastoa utzi duten proposamen batzuk berriz ere ikusgai izango dira.

Tokiko sorkuntzaren aldeko apustua

Gainera, jaialdiak tokiko sorkuntzaren aldeko apustuari eutsiko dio aurten ere. Guztira, 13 euskal konpainia eta artista izango dira programazioaren parte, nazioarteko talde ezagunekin batera. Horrela, KaldeArtek bertako eta kanpoko sorkuntza uztartzen jarraituko du, kalea topagune artistiko bihurtuz.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna