Lau talde ariko dira lehian Bizkaiko Taldekakoaren bosgarren edizioan

Ekainaren 5etik 12ra jokatuko da kanporaketa fasea, eta bost talde sailkatuko dira irailaren 12ko azken hitzordurako. Lehiatik harago, bertso eskolak eta eskualdeak indartzeko jai giroko topagune izan nahi du egitasmoak.

Taldekakoaren bitartez oinarrian eragin nahi du Bertsozale Elkarteak, hau da, bertso eskolak eta eskualdeak indartu nahi dira. Horretarako, gune ludiko bat eskaini nahi dute. Taldekakoa giro informalean eta jai-giroan gauzatzea da helburua.

Aurtengoa bosgarren edizioa izango da eta kanporaketa fase bakarra egongo da. Kanporaketa fasean bost hitzordu izango dira, ekainaren 5a eta 12a bitartean. “Bost egun horietan, orokorrean, hiruna saio jokatuko dituzte taldeek, eta egunean egindako lan osoa kontutan hartuta, kanporaketa bakoitzeko irabazlea finalaurrekoetara sailkatuko da”, azaldu du elkarteak.

Finalaurrekoak eta finala irailaren 12an jokatuko dira, elkartearen egunarekin batera. Zehaztu dutenez, “egun osoko jaia izango da, goizean finalaurrekoak, ondoren bazkaria eta bazkal ostean finala. Finalaren egunean, beraz, bost talde batuko dira; kanporaketetako talde irabazleak. Bazkal aurretik finalaurreko bi jokatuko dira, batean hiru taldek eta besteak talde bik jokatuko dute. Finalaurreko bakoitzeko talde irabazleak jokatuko du finala”.

Bizkaia osoko hamalau talde arituko dira, beraz, lehian baina jai giroan, eta finalaren eguna, esan bezala, elkartearen egunarekin batera jokatuko da. “Helburua Bizkaiko bertsolaritzaren jaia egitea izango da, goizetik gauera gozatzeko eguna”, amaitu dute antolatzaileek.

Zabaldu:

Utzi erantzuna