(argazkia: Tabakalera)

Arte Garaikideko Galerien Elkarteak eta Tabakalerak Irekiak Gallery Weekend ekimena antolatu dute Donostian

Maiatzaren 29tik 31ra izango da ekimena eta erakusketa eta bisita gidatuen egitarau zabala eskainiko du.

Seigarren edizioa du Donostiako Irekiak Gallery Weekend ekimenak eta, aurtengoan, lehen aldiz, irailean izan beharrean maiatzaren 29tik 31ra bitartean egingo da. Antolatzaileen esanetan, “egun horietan, Donostiako hainbat espazio artistikotan egingo diren erakusketa eta jarduerek programazio anitz eta erakargarria eskainiko dute”.

Ekimenaren egunak maiatzera aldatuta, hirian bereziki dinamikoa den unean kokatu nahi izan da ekitaldia: “turismo-denboraldiaren eta udaren hasiera da, eta tokiko zein nazioarteko ikusleak elkartzeko garai ezin hobea. Hala, arte garaikidearen ikusgarritasuna eta galerien eta erakundeen arteko lana sendotuko dira, hiriko kultura-ehuna indartuz”.

Hala, Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkarteak (DAGGE) ateak irekiko ditu berriro, herritarrak sorkuntza garaikide berriena sustatzen eta erakusten duten guneetara hurbildu daitezen. DAGGEk, Donostia Kulturak eta Tabakalerak antolatu eta koordinatuta, ekimen hau “urteko ezinbesteko hitzordua da hiriko arte, kultura eta turismoaren panoraman, eta arte garaikideari eskainitako nazioarteko beste topaketa batzuen bideari jarraitzen dio”.

Bisita gidatuak

Jaialdiaren ardatz nagusietako bat, aurten ere, bisita gidatuak izango dira. Ekimenean parte hartzen duten galerietan zehar ibilbide inspiratzaileak proposatuko dira, artisten, galeristen eta ikusle mota ezberdinen arteko topaketa sustatzeko. Ibilbide horien bidez, Irekiak ekimenaren helburua da arte garaikidea ikusle berriengana hurbiltzea, eta sortzaileek diziplina eta lengoaia anitzetatik egindako lanaren garrantzia nabarmentzea.

Instalazioak, performanceak, argazkigintza, eskultura, pintura, marrazketa, arte digitala edo proiekzioak izango dira edizio berri honen programazioaren parte; sei galeriatan egingo dira, hiriko hainbat txokotan banatuta: Cibrian galeria, La Central Art Gallery eta Arteko Gallery, Grosen; Ekain arte lanak, Parte Zaharrean; Arteztu galeria, Antiguan; eta Sakana Gallery, Egian.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna