(argazkia: Aretxabaletako Udala)

Perspektiba feminista duten obra artistikoen sorkuntza sustatzeko beka abian da Aretxabaletan

Proiektuak euskaraz garatu beharko dira, eta diziplina artistiko anitzekoak izan ahalko dira: antzezlanak, dantza, ikus-entzunezkoak, literatura, arte plastikoak, musika edo performanceak, besteak beste.

Aretxabaletako Udalak proiektu feministen sormen bekaren lehen deialdia aurkeztu du. Kultura eta Berdintasun sailen elkarlanetik sortutako ekimenaren helburua da Aretxabaletan perspektiba feminista duten obra artistikoen sorkuntza edo ekoizpena bultzatzea. Bekaren zenbatekoa 5.000 eurokoa izango da.

Udalaren arabera, diziplina artistikoek “kontzientzia sortzeko, gizartea zalantzan jartzeko eta eraldaketa sozialerako tresna” gisa balio dute, eta kohesio soziala, inklusioa eta kritika sustatzeaz gain, identitatearen eta memoria kolektiboaren eraikuntzan ere badute eragina. Horregatik, beka honen bidez Aretxabaletako obra artistikoak “berdintasun eta LGTBIAQ+ begiradararekin blaitu” nahi dituzte.

Bekaren onuradunak 16 urtetik gorako norbanakoak —bakarka edo taldean— eta legez eratutako irabazi asmorik gabeko elkarteak izan daitezke, baldin eta egoitza soziala Aretxabaletan badute eta jarduera bertan garatzen badute. Hautagai bakoitzak gehienez hiru proiektu aurkeztu ahal izango ditu.

Aurkeztutako lanek perspektiba feminista izan beharko dute, eta hainbat gai jorratu ahal izango dituzte: genero berdintasuna, feminismoa, sexu-aniztasuna edo genero-identitateak; emakumeen eta LGTBIAQ+ pertsonen ahalduntzea; zainketen ekonomia feminista; indarkeria matxistaren prebentzioa eta aitortza; edota memoria historikoa berreskuratzea.

Diziplina artistiko anitzak

Proiektuak euskaraz garatu beharko dira, eta diziplina artistiko anitzekoak izan ahalko dira: antzezlanak, dantza, ikus-entzunezkoak, literatura, arte plastikoak, musika edo performanceak, besteak beste. Gainera, aurkeztutako lanak aurrez egin gabeak izan beharko dira.

Bekaren bidez aukeratutako proiektuak 12 hilabeteko epea izango du garatzeko, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Behin amaituta, Udalak berak egingo du lanaren zabalkundea.

Aurkeztutako proposamenak epaimahai batek ebaluatuko ditu, eta lehen hiru lan onenen zerrenda egingo du. Balorazioan kontuan hartuko dituzte, besteak beste, perspektiba feminista proiektuaren fase guztietan txertatzea, ikuspegi feminista intersekzionala, formulazio teknikoa, berrikuntza-maila eta Aretxabaletarekiko interesa. Bekaren irabazlea alkatetza dekretu bidez erabakiko da, epaimahaiaren proposamena jaso ondoren.

Proposamenak ekainaren 19ra arte aurkeztu ahal izango dira telematikoki, Udalaren egoitza elektronikoan. Informazio gehiago: berdintasuna@aretxabaleta.eus.

Bekaren oinarriak 50. orrian.

Zabaldu:

Utzi erantzuna