Euskal naturan eta herri-tradizioetan inspiratutako 15 olio-pinturaren bidez, artistak bere sormen-lana partekatzeaz gain, aukera-berdintasunaren eta inklusioaren aldeko mezua zabaldu nahi izan du.
Alazne Mantxa artistak Natura ederra da izeneko erakusketa paratu du Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean. Abuztuaren 1era arte bisitatu ahal izango da, eta Laudioko artistaren 15 olio-pintura biltzen ditu, euskal naturaren eta dantza tradizionalen inguruko ikuspegi pertsonala erakutsiz.
Erakusketa Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak eta Indesak antolatu dute elkarlanean. Mantxak Laudioko Lantze tailerrean egiten du lan, Indesaren arlo industrialean. Enplegu zentro berezi horrek desgaitasuna duten pertsonen laneratzea eta gizarteratzea sustatzen ditu Araban.
Erakusketako lanetan naturarekiko lotura eta euskal kulturarekiko interesa uztartzen ditu artistak, bere inspirazio iturri nagusiak baitira biak. Mantxak azaldu duenez, pintura nerabezarotik izan da bere zaletasun handienetako bat, eta margolanen bidez bere ingurunearekiko begirada partekatu nahi izan du. Aldi berean, berdintasunaren aldeko mezua ere helarazi du: desgaitasuna duten pertsona guztiek aukera berak izan behar dituztela eta gizartean errespetuz tratatuak izan behar dutela aldarrikatu du.
Gorka Urtaran eta Ana del Val diputatuek ekimenaren balio kulturala eta soziala nabarmendu dute, eta erakusketa honek Arabako talentua ikusgarri egiten duela aipatu. Halaber, kulturak inklusio erreal eta eraginkorra sustatzeko duen garrantzia azpimarratu dute, baita Indesak pertsona askoren garapen pertsonal eta profesionalerako eta bizimodu independentea eraikitzeko egiten duen lana ere.