(Hondarribiko Udala)

Hondarribiak kultura eta sormena uztartuko ditu lau egunez Alde Zaharrean

Gaur hasi eta uztailaren 12ra arte egingo da Hondarribia Kultura programaren aurtengo edizioa. Kultura Uztartu lelopean, artea, musika, dantza, zinema eta hausnarketa izango dira aurtengo edizioan.

Hondarribiko Alde Zaharreko kale, plaza eta txoko historikoak kulturaz beteko dira gaurtik uztailaren 12ra arte, Hondarribia Kultura programaren edizio berriarekin. Kultura Uztartu lelopean, lau egunez artea, musika, dantza, zinema eta pentsamendu kritikoa izango dira protagonista, herritarrak eta bisitariak kulturarekin harreman zuzenean jartzeko helburuarekin.

Egitarauak ondare historikoa eta gaur egungo sormena uztartu nahi ditu, eta, aldi berean, herriko kultur politikaren norabide berria erakutsi. Udalaren esanetan, kulturaren bidez komunitatea indartzea, bertako talentua ikusgarri egitea eta herritarren parte-hartzea sustatzea dira programaren xede nagusiak. “Kultura ez dugu aisialdirako eskaintza hutsa bezala ulertzen. Herria egiteko tresna da. Harremanak sortzeko, pentsamendua pizteko eta komunitatea indartzeko espazioa da. Horregatik, kultur politikak herritarren beharretatik eta herriko errealitatetik eraiki nahi ditugu”, adierazi du Ortzi Alonso Kultura zinegotziak.

Aurtengo edizioak diziplina eta formatu askotako proposamenak bilduko ditu. Berritasunen artean dago Maddalen Arte Gunearen lehen parte-hartzea; bertan, Itziar Basterretxearen Erraietatik Saretzen egonaldia eta IIIngles taldearen kontzertua izango dira, sormen-prozesua eta zuzeneko emanaldia espazio berean elkartuz.

Bestalde, Alakran konpainiak Makers Itinerantes proiektua aurkeztuko du. Ekimena ez da emanaldi isolatu bat izango, baizik eta datozen asteetan Hondarribian garatuko den sormen-prozesu baten abiapuntua, herriarekin elkarlotura zuzena izango duen dinamika baten barruan.

Hausnarketa kolektiboa

Programak gogoetarako tartea ere eskainiko du Faisaien Irla filmaren proiekzioarekin. Lanak Bidasoa ibaian bizi den migrazio-errealitatea jorratzen du, eta ikus-entzunezkoaren bidez hausnarketa kolektiborako espazioa ireki nahi du.

Musikak presentzia nabarmena izango du egitarauan. Euskal Herriko talde eta bakarlarien artean izango dira IOI Haatik, Amaia Miranda, Amorante, Gailu eta Lukiek. Horiez gain, GOTA talde kataluniarra, Txema Muñozen magia ikuskizuna, Guadalupe Plata, Lorena Alvarez eta Pedro Pastor ere igoko dira oholtzara.

Herriko sormen komunitatea ikusgarri egiteko mapa 

Egitarauarekin batera, Udalak herriko sortzaile eta arte espazioen lehen mapaketa aurkeztu du. Ekimenaren bidez, udalerriko sormen-sarea identifikatu, antolatu eta ikusgarri egin nahi izan da, etorkizuneko elkarlan eta proiektuak sustatzeko tresna gisa.

Mapaketaren emaitza gisa, 52 sortzaileren direktorioa eta 17 arte espazioren gida osatu dira, tartean Maddalen Arte Gunea eta Polborina. Webgunean eskuragarri egongo diren fitxek sortzaileen eta espazioen jarduera, kontaktua, sare sozialak eta eskaintza jasoko dituzte, bai herritarrek bai bisitariek Hondarribiko kultur ekosistema hobeto ezagutzeko aukera izan dezaten.

“Hondarribian badugu sormen komunitate aberats eta askotarikoa. Administrazioaren egitekoa ez da soilik kultur jarduerak programatzea; herrian dagoen talentua identifikatu, ezagutarazi eta elkar konektatzeko baldintzak sortzea ere bada”, azaldu du Alonsok.

Zabaldu:

Utzi erantzuna