Joxan Oiz (argazkia: Irekia)

Joxan Oiz Arruti idazleak irabazi du Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete Beka

70.000 euroko laguntza eta urtebeteko erabateko dedikazioa izango du idazleak Arrazionalista proiektua garatzeko.

Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete Bekako adituen batzordeak Joxan Oiz Arruti idazlearen (Donostia, 1968) Arrazionalista proiektua aukeratu. Beka Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak sortu zuten duela bi urte, eta aurtengoa hirugarren edizioa da. Helburua da euskarazko literatura-proiektu bat sortzeko urtebeteko erabateko dedikazioa erraztea, 70.000 euroko laguntza ekonomikoaren bidez.

Batzorde ebaluatzaileak nabarmendu duenez, Oizek aurkeztutako proposamenak “historiaren nondik norakoak arakatzen ditu”, eleberria eraikitzen baita Estatu espainiarrean mugimendu arrazionalistaren aitzindari izan ziren XX. mendeko bi arkitekturen arteko adiskidetasunaren inguruan: Jose Manuel Aizpurua, eleberriaren protagonista, eta Joaquin Labaien, narratzailea. “Biak eraikin arrazionalista ospetsuen egileak izan ziren, baina bata falangista zen eta bestea jeltzalea”, jarraitzen du aktak.

Proiektuaren behin-behineko izenburua Arrazionalista da, eta “konplexutasun handiko eta ñabardura ugariko eleberria izan daiteke”, ohartarazten du hautaketa-batzordearen aktak. Aizpuruaren irudia izango du ardatz, 1936an fusilatu aurreko egunetan kontraesanez betetako “ertz ugariko pertsonaia”. Gerraren hurbiltasunak markatutako Donostiako giro kultural eta politikoan barneratzen da, eta narrazioan artearen inguruko eztabaida eta garaiko gertaera politiko eta sozialak uztartuko ditu.

Aurtengo edizioko proposamenak baloratu dituen aditu-batzordeko buru Jon Kortazar Uriarte idazlea eta literatura-kritikaria izan da, Euskal Herriko Unibertsitatean Euskal Filologian doktore eta Euskal Literaturako katedraduna; idazkaria, aldiz, Alex Gurrutxaga Muxika izan da Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea. Batzordeko kide izan dira, halaber: Katixa Agirre Miguelez, idazlea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakasle agregatua; Aritz Galarraga Lopetegi, idazlea, editorea, literatura-kritikaria, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Hizkuntzalaritza Saileko irakaslea eta Literatura doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatean; eta Lourdes Otaegi Imaz, Euskal Filologian doktorea eta aurretik Euskal Herriko Unibertsitatean Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasle agregatua.

Zabaldu:

Utzi erantzuna