Lau konpainia ariko dira TOPICeko Sceniterium programan

Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroaren egonaldi artistikoen programak hamaika proposamenen artean hautatu ditu aurtengo lau proiektuak. Irailetik aurrera garatuko diren egoitzek sorkuntza garaikidea, ikerketa artistikoa eta ondare bizia uztartuko dituzte.

Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroaren (TOPIC) Sceniterium egonaldi artistikoen programak dagoeneko aukeratu ditu aurtengo egoitzetan parte hartuko duten lau konpainiak. Deialdira aurkeztutako hamaika proposamenen artean hautatutakoak Maitane Goñi, Zurrunka Teatro, En la boca del gato eta La semilla voladora izan dira.

Aukeratutako proiektuen artean daude Maitane Goñiren ¿Por qué no? / Zergatik ez?, Zurrunka Teatroren Kiron, En la boca del gato konpainiaren Penchinela del Segura eta La semilla voladoraren Aromalario Migratorio.

Sceniterium TOPICen egoitza-programaren birformulazio gisa sortu zen, konpainiei, artistei eta kolektiboei lanerako, entzuteko eta laguntzeko espazioa eskaintzeko asmoz. Programaren helburua da sorkuntza garaikidearen, ekoizpen materialaren eta ondare biziaren arteko harremanak sendotzea, eta egoitza artistikoak ikerketa, esperimentazioa eta garapen sortzailea sustatzeko gune bihurtzea.

Ildo horretan, programak ez du azken emaitza itxi bat lehenesten; aitzitik, balioa ematen die sormen-prozesuari, saiakerari, erroreari eta eraldaketari, praktika artistikoaren ezinbesteko osagai gisa ulertuta.

TOPICeko zuzendari Ainara Martinen hitzetan, deialdiaren helburua zentroaren lan-ildo estrategikoak —Ondare eta Lab ikuspegiak— egoitza-programan txertatzea izan da, eta norabide horretan lanean ari diren sortzaile eta konpainiei garapenerako aukera eskaintzea.

Martinek azaldu duenez, aurkeztutako proposamenek argi islatu dute eszenaren eta arte plastikoen arteko lotura, maskarak, sokak eta txotxongiloaren inguruko bestelako baliabideak oinarri hartuta. Gainera, proiektu askok gizarte-gaiei ere heldu diete, besteak beste, zahartzaroaren duintasunari edo etxebizitzaren arazoari.

Deialdira aurkeztutako konpainia gehienak gorabidean dauden talde gazteak izan dira, jatorri eta formatu askotakoak.

Lehen egonaldia irailean hasiko da, eta, aldi berean, zentroa 2027ko urtarrilean zabalduko den hurrengo deialdia prestatzen hasiko da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna