Bertsolari eta idazlearen Autoan bertso sorta saritu du aho batez epaimahaiak. Irailaren 4an kantatuko ditu bertso irabazleak Lizardi Sarien finalean, Zarautzen.
Uxue Alberdi bertsolari eta idazlea izan da 42. Basarri Bertsopaper Lehiaketako irabazlea. Epaimahaiak aho batez erabaki du Autoan izeneko bertso sorta saritzea, aurtengo edizioan aurkeztutako hamalau lanen artean.
Uxue Alkorta, Nahikari Gabilondo eta Andoni Egaña epaimahaikideen arabera, lan irabazleak azken urteetan nagusitu den neurri handitik txikirako joerari eusten dio, eta horrek kontakizunari erritmo arin eta atsegina ematen dio. Nabarmendu dutenez, Alberdik autoa erabili du protagonistaren bizitzako etapa ezberdinak irudikatzeko elementu nagusi gisa, xehetasun zehatzen bidez irakurlea garai bakoitzean kokatzea lortuz.
Epaimahaiaren ustez, gaiari emandako ikuspegia “berezia eta originala” da, eta emaitza “maila handiko bertso sorta” izan da.
Askotariko gaiak
Aurtengo edizioan guztira hamalau lan aurkeztu dira, askotariko gaiak jorratuz. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, lehiaketaren 42 edizioetan laugarren emakumea izango da Basarri Bertsopaper Lehiaketa irabazten duena. Aurretik, Ane Labakak 2012an, Alaitz Sarasolak 2014an eta Maddalen Arzallusek 2025ean jaso zuten saria.
Sariari dagokionez, Uxue Alberdik txapela eta 1.800 euroko saria jasoko ditu. Gainera, Autoan bertso sorta jendaurrean kantatuko du datorren irailaren 4an, Zarautzeko Lizardi Sarien finalean.