(Argazkia: Kulturklik)

Niko Etxart omenduko dute Getxoko Iparra galdu gabe programaren 25. urteurrenean

Azaroaren 21ean Algortako Muxikebarrin egingo den kontzertu berezian Zuberoako kantautorearekin batera Euskal Herriko hainbat artista izango dira.

Getxoko Muxikebarri zentroak Niko Etxart (Altzürükü, 1953) omenduko du datorren azaroaren 21ean, Iparra galdu gabe kultur programaren 25. urteurrena ospatzeko antolatutako kontzertu berezi batean. Emanaldia 20:00etan hasiko da.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, 1970eko hamarkadatik aurrera euskarazko rockaren aitzindarietako bat izan da Etxart, eta bost hamarkada baino gehiagoko ibilbidean ekarpen erabakigarria egin dio euskal musikaren berrikuntzari eta euskal kulturaren zabalkundeari.

Zuberotarrarekin izango dira Hapa-Hapa taldea, 1980ko hamarkadatik bere ohiko taldea izan dena; Robert Larrandabürü eta Dominika Eiheraberri, Zuberoako kantu tradizionalaren ordezkariak; Anje Duhalde, Xabaltx eta Anne Bidalun.

Horiez gain, parte hartuko dute Xabi Leon teklatu-jotzaileak, Sünek, Huntza taldeko abeslari ohiak, Pello Artabek, Eskean Kristö taldeko abeslariak, eta Getxoko bi ordezkarik: Irantzu Garamendi abeslari, flauta-jotzaile eta konpositoreak, eta Ainhoa Aranburuk, Bidean Erromeriako klarinete-jotzaile eta abeslariak.

Emanaldian Niko Etxarten kanta esanguratsuenetako batzuk joko dituzte, Zuberoako doinu tradizionalekin eta ekitaldirako propio prestatutako lankidetzekin batera. Antolatzaileen arabera, proposamenak euskal musikaren aberastasuna eta aniztasuna erakutsiko ditu, belaunaldi eta lurralde ezberdinetako artistak oholtza berean bilduz.

Gainera, omenaldiak jarraipena izango du azaroaren 28an, Donibane Lohizuneko Tanka aretoan egingo den zuzeneko emanaldi batekin, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko publikoak ere kontzertu berezi hau ikusteko aukera izan dezan.

Aurtengo edizioarekin, Iparra galdu gabe programak 25 urte beteko ditu. Bi urtez behin antolatzen da egitasmoa eta mende laurdenean Iparraldeko sorkuntza kulturala Getxora hurbildu du. Iparraldeko ekoizpen artistikoen eta artisten zirkulazioa erraztea eta sustatzea, Bizkaiko hiri horren biztanleei Ipar Euskal Herriko baliabide kulturalak ezagutaraztea eta Iparraldearen eta hegoaldearen arteko trukaketa artistikoak biderkatzea ditu helburu.

Kontzerturako sarrerak uztailaren 27tik aurrera egongo dira salgai Getxo Kulturaren ohiko salmenta-puntuetan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna