Lanak irailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira.
Euskarazko literatura bultzatzeko xedea duen lehiaketa antolatu du beste urte batez Zumaiako Udalak. Julene Azpeitia ipuin lehiaketaren 39. edizioa izango da aurtengoa, eta irailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira lanak, aurreko urteetan baino lehenago.
Lehiaketa adinez nagusiei zuzenduta dago, eta aurkezten diren lanek euskaraz sortutakoak, originalak eta argitaragabeak izan beharko dute. Halaber, ez dira onartuko beste lehiaketa batzuetan saritutako lanak, literatura sortzeko laguntzaren bat jaso dutenak edo jatorriz beste hizkuntza batean idatzi eta lehiaketarako euskaratutako testuak.
Gaia librea izango da, eta ipuinek gutxienez sei orrialde eta gehienez hamabost izan beharko dituzte, lerroarte bikoitzarekin idatzita. Lanek ezin izango dute egilearen izenik agerian izan; izenburua bakarrik agertu beharko da, eta NANaren kopia zein eskabide orria aparte aurkeztu beharko dira.
Idazlanak Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkeztu ahal izango dira edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez erregistratu. Aurkezteko edozein bide erabilita ere, eskabide orria osatuta eta NANaren kopia erantsi beharko dira.
Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu. Lehen sarituak 3.000 euro jasoko ditu, bigarrenak 1.500 euro eta Zumaiako egilerik onenak 1.000 euroko saria eskuratuko du. Hala ere, sariak eman gabe utzi ahal izango dira, eta egile bakoitzak sari bakarra jaso ahal izango du.
Lehiaketaren oinarriek jasotzen dutenez, Zumaiako Udalak beretzat gordeko du saritutako lanak lehen aldiz argitaratzeko eskubidea, epaimahaiaren ebazpena eman eta urtebeteko epean. Sarien banaketa noiz egingo den aurrerago jakinaraziko du antolakuntzak.
Oinarriak, hemen.