Olaia Inziarte (argazkia: Kultur Sharea)

Olaia Inziartek Donostian emango dio amaiera Zerrautsa diskoaren birari

Abenduaren 27an eta 28an ariko da Victoria Eugenia antzokian, azken urte eta erdiko zuzenekoei agur esateko.

Olaia Inziartek Donostian amaituko du Zerrautsa diskoaren bira. Musikari nafarrak bi kontzertu eskainiko ditu abenduaren 27an eta 28an Victoria Eugenia antzokian, eta emanaldi horiekin itxiko du 2025eko urtarrilean argitaratutako bere bigarren lan luzearen zuzeneko ibilbidea. Taldeak berak aurreratu duenez, “azken sua” piztuko dute bi gau horietan, eta ondoren atsedenaldia hartuko dute: “Ziklikoa da dena”.

Kontzertuak bereziak izango direla iragarri dute. Abenduaren 27koa 19:00etan hasiko da, eta hurrengo egunekoa, 19:30ean. Sarrerek 22 euroko prezioa izango dute.

Zerrautsa diskoak inflexio-puntu bat ekarri zuen Inziarteren ibilbidean. Hauskortasunaz, eraldaketaz eta barne-adiskidetzearen bilaketaz mintzo da lana, baina aldi berean gizarteko eta musikaren industriako hainbat dinamika ere jartzen ditu zalantzan. Abeslariaren hitzetan, ikuspegi pertsonaletik abiatu arren, entzulearekin partekatu nahi duen hausnarketa unibertsalago batera irekitzen da.

Diskoaren izenak ere badu esanahi sinbolikoa. Zerrautsa sortze-prozesuetan ezinbestekoa den arren baztertu ohi den hondakin-materiala da, eta metafora horren bidez norberaren eraikuntzaz eta bizipenek uzten duten arrastoaz hitz egiten du artistak. Musika aldetik, soinu organikoak eta elektronikoak uztartzen ditu, gitarra distortsionatuak, sintetizadore analogikoak eta vocoderra erabiliz.

Donostiako bi kontzertuek itxiko dute Zerrautsaren etapa. Oholtza gainean, Olaia Inziarterekin batera ariko dira Eric Deza, Gema Ines Murillo, Ander Unzaga, Lore Nekane eta Josu Erviti. Taldearen mezua argia izan da bira amaieraren atarian: “Espero zaituztegu maitasunez eta esker onez, beti”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna