1430eko sute handia gogoratuko duen antzerki berezi batekin hasiko da aurtengo egitaraua, eta igandean 65 postutik gorako azoka tradizionala izango da.
Lekunberriko Antzinako Azokak 30. edizioa ospatuko du abuztuaren 1ean eta 2an, eta aurten lehen aldiz asteburu osora zabalduko da. Egitaraua larunbatean hasiko da, 1430ean herria suntsitu zuen sute handia oinarri hartuta sortutako LEKUnBERRI antzerki-ikuskizunarekin; igandean, berriz, ohiko azoka historikoak hartuko ditu herriko kaleak.
Urtero bezala, azokak Lekunberriko historiako pasarte bat berreskuratuko du. Aurtengo antzezlanak sute haren ondoren sortu zen herri berriaren sorrera izango du abiapuntu, eta herriko bizilagunek Loren Arangoa eta Esti Curiel aktoreekin batera taularatuko dute, benetako gertakarietan inspiratutako umorezko eta herri-antzerkiko eszenen bidez.
Igandean, 10:30etik 20:00etara, herria antzinako giroan murgilduko da berriro. Artisautza-postuak, nekazaritzako tresna tradizionalak, animaliak, musika ibiltaria, dantzariak, txistulariak eta erraldoi eta buruhandien konpartsa izango dira egun osoan. Eguerdian egingo da Banderaren Dantza, azokako une adierazgarrienetako bat, eta jardunaldia musika eta sua uztartuko dituen ikuskizunarekin amaituko da.
Azokak tokiko eta Nafarroa osoko ekoizleen lana ere izango du erakusgai. Guztira 65 postu baino gehiago izango ditu, eta bertan gaztak, eztia, taloak, sagardoa, hestebeteak eta bestelako elikagai artisauak ez ezik, egurrezko, zeramikazko, ehungintzako eta bitxigintzako lanak ere aurkitu ahal izango dira.