Oinak hodeietan programak arte eszenikoak Nafarroako 16 txokotara eramango ditu abuztuan

Abuztuaren 6tik 30era egingo da zazpigarren edizioa eta Nafarroako 18 konpainien ikuskizunak eskainiko ditu ondare historiko eta naturala duten 16 gunetan. Antzerkia, dantza, zirkua eta magia uztartuko ditu programazioak eta 11 kokaleku berri izango ditu aurten. Emanaldi guztiak doakoak izango dira.

Abuztuaren 6an hasiko da Oinak hodeietan programaren zazpigarren edizioa, Nafarroako arte eszenikoak lurraldeko ondare eta natura gune berezietara eramaten dituen ekimena. Hilabete osoan zehar, 18 konpainia izango dira, eta antzerkia, dantza, zirkua, magia eta formatu hibridoak eskainiko dituzte 16 kokalekutan.

Aurtengo berrikuntzen artean, programako 16 guneetatik 11 lehen aldiz sartuko dira ibilbidean, eta lau konpainiak estreinakoz parte hartuko dute. Ikuskizunak gaztelu, monasterio, baso, ermita, jauregi eta bunkerretan egingo dira, ondarea eta arte eszenikoak uztartuz.

Egitarauak euskarazko proposamenak ere bilduko ditu. Horien artean daude Inpro Labelen InproFestAkzioa, Erratzun egingo den inprobisazio antzerkia, eta Yarleku Antzerkiaren Agur, Peter Pan, abuztuaren 30ean Jauntsaratsen programari amaiera emango diona.

Lehen emanaldia Amico Teatro konpainiak eskainiko du abuztuaren 6an Orisoainen. 2020an abiatu zenetik, Oinak hodeietan egitasmoak Nafarroako 66 kokaleku eta 54 konpainia bildu ditu, tokiko arte eszenikoak sustatzea, kultura herri txikietara eramatea eta ondare historiko zein naturala balioan jartzea helburu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna