Xanti Arrieta artista bergararraren lana irailaren 2tik urriaren 3ra egongo da ikusgai Amarako Kultur Etxean.
1937ko Gernikako bonbardaketatik gaur egungo gerretara, zer aldatu da gizakiaren eta gerraren arteko harremanean? Galdera horretatik abiatuta, Xanti Arrieta artista bergararrak Gernikak. Begiradak erakusketa osatu du. Irailaren 2tik urriaren 3ra, Donostiako Amara auzoko Ernest Lluch Kultur Etxean izango da ikusgai.
Picassoren Guernica obrari begira jarri da Arrieta, baina ez du irudi ezaguna berriz kontatu nahi izan. Aitzitik, obra zatikatu, berrinterpretatu eta gaur egungo testuingurura ekarri du, gerraren ondorioei eta memoriari beste begirada batzuk gehitzeko. Eskultura, pintura, argazkigintza, zeramika, esmaltea eta zura bezalako teknika eta materialak baliatzen ditu horretarako.
Erakusketaren atzean, gainera, begirada kolektibo bat dago. Arrietak Txema Ramirez de la Piscina EHUko komunikazio irakasle ohi, idazle eta ikertzailearekin batera landu du proiektua, eta gaur egungo euskal kulturako hamar sortzaile eta profesionalen gogoetak ere jaso ditu: Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus bertsolariak; Kirmen Uribe eta Castillo Suarez idazleak; Eñaut Elorrieta kantugilea; Patxi Ibarzabal hezitzailea; Maite Aristegi nekazaria; eta Martxelo Otamendi eta Txema Ramirez de la Piscina kazetariak.
Horregatik, Gernikak. Begiradak ez da Picassoren obrari egindako omenaldi hutsa. Gernikako bonbardaketa abiapuntu hartuta, gerraren memoria eta haren arrastoak gaur egunera ekartzen ditu, eta 1937tik hona munduak zenbat ikasi duen —edo ikasi ez duen— galdetzen du.
Arrietaren proposamenak, gainera, Gernika ez du leku bakar batera mugatzen. Erakusketaren ikuspegitik, 1937ko bonbardaketaren atzean beste hainbat “Gernika” daude: Malaga-Almeria, Tokio, Hiroshima, Dresde, Varsovia edo Gaza, besteak beste. Leku-izen horiek gerraren indarkeriaren eta sufrimenduaren memoria kolektiboarekin lotzen ditu erakusketak.