Ekaitz Herrera idazleak irabazi zuen iazko Augustin Zubikarai beka (argazkia: Ondarroako Udala)

Augustin Zubikarai XXVI. sarian parte hartzeko deialdia zabalik da

Proiektuak urriaren 10era arte bidali ahal izango dira. Irabazleak 8.000 euroko saria jasoko du eta eleberria Elkar argitaletxearekin argitaratuko du.

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak Augustin Zubikarai saria antolatzen dute urtero, euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz.

Aurtengo deialdira eleberriak idazteko proiektuak aurkeztu ahal izango dira, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Parte-hartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu beharko ditu, emailez atxikitako dokumentuetan:

-Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2.000 eta 6.000 karaktere bitartekoa, egoki iritzitako  ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.

-Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15.000 eta 40.000 karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

-Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri).

Proiektuak 2026ko urriaren 10era arte bidali ahal izango dira. Eskaera Ondarroako Udaletxean aurkeztu beharko da. Proiektua bidaliko da beharrezko datu eta dokumentazio osagarriarekin batera, bai udaletxera bertara bai bide telematikoak baliatuta. Internet bidez aurkeztu nahi izanez gero, Ondarroako Udalaren webgunetik. Beste bidea da udal erregistro orokorrean aurkeztea – Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Kanttoipe kalea, 3, behea 48700 Ondarroa).

Epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2026ko urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak. Saria 8.000 eurokoa izango da eta irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlan amaitua helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150.000 karaktere gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak.

Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Beka jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaiak onespena ematen duenetik hiru hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan bekaren aipamena egingo da nahitaez.

Zabaldu:

Utzi erantzuna