Konpainiei egoitza luzeagoak eskainiz, sorkuntza, transmisioa eta lurraldea uztartuko ditu 2026ko irailetik abendura bitarteko kultur denboraldiak. Irailaren 12an abiatuko da denboraldi berria, Dyptik konpainiaren Mirage (Un jour de fête) ikuskizunarekin.
Kultura ez da soilik eszenatokian gertatzen. Ziburuko Herriko Etxeak 2026ko irailetik abendura bitarteko kultur denboraldia aurkeztu du, eta programazioarekin batera herria topaketarako, parte-hartzerako eta sorkuntzarako gune gisa indartu nahi izan du. Ikuskizunez eta kontzertuez gain, artistekin harremanak, bitartekaritza-proiektuak, tailerrak eta sormen-egonaldiak ere jasotzen ditu egitarauak.
Denboraldia irailaren 12an inauguratuko dute, larunbatez, Kirol Zelaian, egun osoko proposamen batekin. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Vol’Arte eta Break’in Studio elkarteekin zirkuko eta hiri-dantzako praktikak ezagutzeko aukera izanen da, eta mediatekak aldi baterako liburutegia jarriko du. La Grande Illusion elkarteak, berriz, egurrezko joko handiak eta ondoren DJ saioa proposatuko ditu. Ekitaldi guztiak dohainik izanen dira.
Dantza urbanoa eta garaikidea
Irekierako proposamen nagusia Dyptik konpainiaren Mirage (Un jour de fête) izanen da, 18:00etan. Saint-Étienneko konpainiak dantza urbanoa eta garaikidea uztartzen ditu, eta Zisjordaniako Balata errefuxiatuen kanpalekuan du abiapuntua. Hitzik gabeko lanak erbestea, zapalkuntza, askatasuna eta itxaropen kolektiboa ditu ardatz, eta espazio publikoa topaketa zein erresistentzia gune bihurtzen du.
Memoria, identitatea eta lurraldea agertoki
Programazioak hainbat diziplina eta gai gurutzatuko ditu datozen hilabeteetan. Irailaren 19an eta 20an, Ondarearen Europako Jardunaldien harira, Ziburuko itsas ondarea, arkitektura, memoria eta herriaren historia ezagutzeko bisitak, erakusketak eta topaketak antolatuko dira. Besteak beste, itsasargiak, mareografoa eta ontziola zaharra ezagutzeko beta izanen da, baita Jean-Jacques Ader argazkilariarekin topaketa ere.
Urriaren 3an, Élise Rollin organo-jotzaileak Classiques en fête! kontzertua eskainiko du San Bixintxo elizan. XVIII. mendeko konpositoreen lanak interpretatuko ditu Ziburuko organo barrokoan, eta pantaila handiko irudiek eta artistaren azalpenek kontzertuaren esperientzia osatuko dute.
Handik egun gutxira, urriaren 8an, La Côte Folle konpainiaren Parmi les vaches zirku-ikuskizunak zahartzaroa, mendekotasuna, zaintza eta pertsonen arteko loturak jarriko ditu erdigunean. Emanaldiaren inguruan, gainera, bertako adinekoen bizipenak jasotzeko tailerra eginen dute, eta istorio horiek obraren sorkuntzan txertatuko dituzte.
Azaroaren 20an, berriz, Juan Mari Beltran Laukoteak Euskal Herri Musika eta Soinu-tresnak kontzertua eskainiko du. Euskal musika-ondarearen historia eta bilakaera aztertuko ditu taldeak, tradiziotik abiatuta gaur egun ere bizirik eta berrasmatzen ari den ondare baten inguruko proposamenarekin.
Sorkuntza
Denboraldiaren ezaugarri nagusietako bat Ziburu sorkuntzarako lurralde gisa indartzeko apustua da. Horren erakusgarri, Les Vibrantes konpainiak abuztuaren 31tik irailaren 9ra egiten ari den egonaldia herrian, Les petites forces ikuskizuna lantzeko. Haur txikientzako sorkuntza da, gorputza, mugimendua eta sentsazioak abiapuntu hartzen dituena, eta ama-eskolako haurrekin egindako hezkuntza artistikoko proiektu batekin osatuko da.
2027tik aurrera, Le TOC Théâtre konpainiak ere egonaldi luzea eginen du Ziburun. Sorkuntza-prozesuaren hasieratik bertatik herritarrak eta ikasleak inplikatuko ditu, objektuen antzerkiaren inguruko arte- eta kultura-hezkuntzako programen bidez.
Urte amaierara begira, abenduaren 4tik 16ra, Eguberriak Ziburun programak musika, magia, zirkua, txotxongiloak eta ikuskizun bisualak bilduko ditu, adin desberdinetako publikoari zuzendutako proposamenekin. Besteak beste, Oscar Fou, Sans Gravité, LagunArte eta PP Project konpainiek parte hartuko dute.
Programazioaren zati handi bat doakoa izango da, eta ordainpeko jardueretarako sarrerak eta erreserbak Ziburuko Herriko Etxearen kultur zerbitzuaren bidez jaso ahal izango dira.