Bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak eta antolatzaileak Azpeitian elkartu dira txapelketa abiatu aurreko aurkezpenean. Aurtengo irudia, eszenografia eta sintonia elkarlanetik sortu dituzte. Lehen saioa irailaren 19an jokatuko da Hazparnen.
Hilabeteetako prestaketa lanen ondoren, 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa abiatzeko dena prest dago. Lehen saioa irailaren 19an izango da Hazparnen, eta, txapelketari hasiera eman aurretik, bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak, antolatzaileak eta bertsozaleak Azpeitiko Sanagustin kulturgunean elkartu dira aurkezpen ekitaldian.
Sorkuntza kolektiboak leku berezia izan du aurtengo txapelketaren prestaketan. Irudia, eszenografia eta sintonia elkarlanean sortu dituzte hainbat diziplinatako sortzaileek, otsailetik martxora Azpeitiko Dinamoa sormen gunean egindako lau egonalditan. Kulturaz kooperatibak eskaini die prozesua garatzeko espazioa.
Sormen lan horren parte bat zuzenean ikusteko aukera ere izan da aurkezpenean. Irati Antia aurtengo txapelketako iruditeria serigrafiatzen aritu da, eta Malen Agirre, berriz, finaleko eszenografia margotzen. Bilaka dantza taldeak eman dio hasiera ekitaldiari, publiko artetik oholtzara egindako dantzarekin.
Bertsoak ere izan du bere lekua. Andoni Egañak txapelketan parte hartuko duten bertsolariei eskainitako bertsoekin hartu du parte, eta Antton Telleriak gidatu du ekitaldia. Adarbakarra taldeak, berriz, Euskal kulturaren kolonoskopia sketcharen zati bat eskaini du eta kantuan ere aritu da.
Aurkezpenean 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren sintonia berria ere entzun da lehen aldiz. Lumi taldeak —Nahia Zubeldia Arozenak eta Manu Matthys Dottaxek— sortu du, eta Bilaka dantza taldeak dantzaz lagundu du haren aurkezpena.
Txapelketaren izaera kolektiboa azpimarratu dute Azpeitian: lau urtean behin egiten den lehia bertsolaritzaren erakusleiho handiena bada ere, bertso plazaren zati bat baino ez dela gogorarazi dute. Aldi berean, Euskal Herri osoko bertsolaritza lehen lerrora ekartzeko aukera eskaintzen du.
Hazparne izango da aurtengo txapelketaren lehen geltokia, irailaren 19an. Saiorako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragarri, eta, sarrerarik geratuz gero, egunean bertan ere erosi ahal izango dira leihatilan.