Irailaren 17tik 27ra hamar proiekzio eta kontzertu bat egingo dituzte Donostiako hamar auzotan, hiriko herri mugimenduekin elkarlanean. Kaleko Afari Solidarioek pairatzen duten jazarpena izango da aurtengo edizioaren aldarrikapen nagusietako bat.
Hemezortzi urte beteko ditu aurten Donostiako Zinemaldi Alternatiboak. Irailaren 17an hasiko da aurtengo edizioa, eta hilaren 27ra arte hamar proiekzio eta kontzertu bat egingo dituzte hiriko hainbat txokotan. Zinema, kritikotasuna, aldarrikapena eta gozamena uztartzea du helburu egitasmoak, eta aurten ere herri mugimenduekin elkarlanean osatu dute egitaraua.
Zinemaldiak bere izaera autogestionatu eta deszentralizatuari eutsiko dio. Antiguan, Saguesen, Zubietan, Grosen, Egian, Ulian, Ibaetan, Alde Zaharrean, Txominenean eta Intxaurrondon egingo dituzte saioak, Txantxarreka gaztetxea, Behin Batean Txomineneko euskaltzaleen taldea, Groseko Indarra Surf Taldea, Marruma Kulturalak, Uliako Lore Baratzak, AZGA, Teila Fabrika, Gurdi Ertz, Euskadi Cuba, Herritarron Harrera Sarea eta Letaman gaztetxearekin elkarlanean. Groseko Indarra Surf Taldea lehen aldiz batu da aurten ekimenera.
Antolatzaileek Zinemaldi ofizialak eta instituzioek hiriko auzoak baztertzen dituztela salatu dute, eta horren aurrean kulturaren autogestioa aldarrikatu dute. Zinemaldi Alternatiboak hemezortzi urte daramatza, hain zuzen ere, erresistentzia eta disidentzia askotarikoen bozgorailu izan nahian.
Kaleko Afari Solidarioen aurkako jazarpena
Azken bi edizioetan Palestinako herriaren aurkako genozidioa salatu ondoren, aurtengo kartelak Donostiara ekarri du begirada. Kaleko Afari Solidarioek pairatzen duten jazarpena jarri dute erdigunean, kalean bizi diren pertsonen egoera eta haiei laguntzeko antolatutako elkartasun sareen lana ikusarazteko.
“Beste asko bezala, ni ere kalean bizi izan nintzen Donostian. Bizilagun batzuei esker, gaur egun etorkizun bat dut. Elkartasuna ez da delitua”, dio aurtengo edizioa iragartzeko bideoan kalean bizi izan zen eta Kaleko Afari Solidarioen bidez egunean otordu bero bat jasotzen zuen lagun batek. “Ez dira hitz hutsak. Ez da aurpegi soil bat. Bizitza bat da”, azpimarratu dute antolatzaileek.
Gai horrekin lotuta, irailaren 24an Madrasa eta El peso de la manta eskainiko dituzte Alde Zaharreko Guardetxean. Migrazioa, prekarietatea, arrazakeria eta kaleko saltzaileen eskubideen aldeko antolakuntza jorratzen ditu bigarren lanak. Proiekzioaren ondoren, kale egoeran bizi izandako bi lagunekin eta Herritarron Harrera Sareko boluntarioekin egingo dute solasaldia.
Bi film, berriz pantaila handian
Aurtengo edizioak badu beste berezitasun bat: lehen aldiz, Zinemaldi Alternatiboaren aurreko edizioetan eskainitako bi film berreskuratuko dituzte. Biak Kortxenea gaztetxean egindako bigarren edizioan proiektatu zituzten: Kalabaza Tripontzia eta Segoviako ihesa.
Juanba Berasategik zuzendutako Kalabaza Tripontzia, euskarazko animaziozko lehen film luzea, irailaren 21ean ikusi ahal izango da Teila Fabrikan. Koldo Izagirre gidoilaria ere bertan izango da. Euskal mitologiako ipuin eta kondairetan oinarritutako filmak Tartalo, Kukubiltxo, Galtzagorri eta Herensugea bezalako pertsonaiak eramaten ditu pantailara, umorea, fantasia eta euskal kulturako elementuak uztartuz.
Bezperan, irailaren 20an, Imanol Uriberen Segoviako ihesa eskainiko dute Groseko Marruma elkartean, ihesaldiaren 50. urteurrenaren harira. Josu Ibargutxi eta Angel Amigo preso ohiek, ihesaldian parte hartu zutenek, solasaldia egingo dute emanaldiaren ondoren.
Egitarauak bestelako borroka eta errealitate ugari ere eramango ditu pantailara. Irailaren 17an, Txantxarrekan, Andrew Netheryren They Tried to Bury Us dokumentalak Euskal Herriko gaztetxe eta musika mugimenduari begiratuko dio Niña Coyote eta Chico Tornado taldearen bidez. Hilaren 19an, Zubietan, Gentzane Martinez de Osabaren Aire! eskainiko dute, Maurizia Aldeiturriagaren ondarea eta musika tradizionalaren transmisioa ardatz dituen lana.
Irailaren 22an, Uliako Mintegietako parkean, Txileko Penco herriko lur arraroen ustiapenaren inguruko gatazka aztertuko dute Tierras Raras, el dilema de la minería en Penco dokumentalarekin; eta hilaren 23an, Ibaetako Arkitektura Eskolan, Reyes Gallegosen Ellas en la ciudad eskainiko dute. Azken horrek 1970eko hamarkadako hirietako kanpoaldeko auzoak populatu zituzten emakumeen belaunaldiari ematen dio ahotsa, generoaz, zaintza-lanez, hirigintzaz, hezkuntzaz eta borroka politikoez hitz egiteko.
Txominenean, berriz, Asisko Urmenetak eta Juanjo Elordik zuzendutako Gartxot euskarazko animazio-filma emango dute hilaren 25ean; eta Intxaurrondoko Letaman gaztetxean, hilaren 26an, Ernesto Fontanen Tarará, Txernobylgo hondamendiak kaltetutako milaka haur Kuban artatzeko egindako osasun programaren historia berreskuratzen duen dokumentala.
Zinemaldi ofizialari kritika
Zinemaldi Alternatiboak Donostiako Zinemaldi ofizialari ere egin dio interpelazioa. BDZ Euskal Herriak egindako salaketarekin bat egin du eta Dana Blankstein Cohen epaimahaikide izendatu izana gaitzetsi du. Jerusalemgo Sam Spiegel Zinema Eskolako zuzendaria da Cohen, eta Zinemaldi Alternatiboak Israelgo Estatuarekin duen lotura instituzionala salatu du. Hori dela eta, epaimahaikide gisa kanporatzeko eskatu dio Donostiako Zinemaldiari.
Hamar eguneko egitarauari musikak emango dio amaiera. Irailaren 27an, Marruma elkartean, Lide Hernando eta Iñigo Etxarri ariko dira akustikoan, kontzertua eta elkarrizketa uztartuko dituen saioan. Liher eta Beleren kantuak entzuteko aukera izango da, Zinemaldi Alternatiboaren hemezortzigarren edizioari amaiera emateko.