Maite eta Nerea alabaren arteko harremana dago istorioaren erdigunean. Maitek bere alaba eta itsaskien negozioaren inguruan eraiki du bizitza; labarraren ertzean induskatutako haztegi natural batean egiten du lan, bien etxea dagoen leku berean. Oreka hori hautsi egingo da Nereak artea ikastera Bartzelonara joateko asmoa duela jakinarazten dionean. Alabarentzat independentziarako urratsa dena mehatxu bihurtuko da amarentzat.
Norma Vila zinemagile bilbotarraren Salitre (2026) filmak emango dio hasiera Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Asteari. Nagore Aranburu eta Haizea Carneros aktoreak dira protagonistak eta filma urriaren 30ean emango dute Antzoki Zaharrean. Jaialdiak azaroaren 6ra arte jarraituko du Antzoki Zaharrean, Victoria Eugenia Antzokian eta hiriko beste hainbat gunetan.
Salitre Vilak zuzendutako lehen film luzea da, Jules D. (2016) eta El fin de todas las cosas (2019) film laburren ondoren. Amatasunaren alde ilunari begiratzen dio lan berrian, izu psikologikoa eta gorputzaren izugarrikeria baliatuta. Zuzendariaren arabera, “filma kezka zehatz batetik sortu da: maitasunak ere alde egiten uztea dakarrela onartzeko ezintasunetik. Filma leku deseroso horretatik habia hutsaren sindromera hurbiltzen da, malenkoniatik urrun, galtzeko beldurrak dena kutsatzen duen muturreko esperientzia gisa. Ikertu nahi nuen nola beldur horrek, izendatzen eta kudeatzen ez denean, lotura desitxuratu dezakeen zerbait itogarri, bortitz eta gaizto bihurtzeraino”.
Salitren naturaz gaindikoa eta izugarrikeria protagonistaren barne-gatazkatik sortzen dela azaldu du zuzendariak.
Maite eta Nerea alabaren arteko harremana dago istorioaren erdigunean. Maitek bere alaba eta itsaskien negozioaren inguruan eraiki du bizitza; labarraren ertzean induskatutako haztegi natural batean egiten du lan, bien etxea dagoen leku berean. Oreka hori hautsi egingo da Nereak artea ikastera Bartzelonara joateko asmoa duela jakinarazten dionean. Alabarentzat independentziarako urratsa dena mehatxu bihurtuko da amarentzat.
Naturaz gaindiko elementuak ere gatazka horretatik sortzen direla azaldu du Vilak. “Emozionala fisikoa bihurtzen den puntu hori lantzea interesatzen zitzaidan, non sentitzen dugunak presentzia hartzen duen eta espazioak eta gorputza bera inbaditzen dituen”, dio zinemagileak.
Samantha Hudson, Astearen karteletik Intxaurrondoko oholtzara
Aurtengo Beldurrezko Astearen karteleko irudia Samantha Hudson izango da, eta jaialdiaren bezperan Donostian eskainiko duen lehen kontzertua egingo du. Urriaren 29an, 20:00etan, Intxaurrondo Kultur Etxean ariko da La Diega DJarekin batera.
Astearen inguruko jarduerak lehenago hasiko dira. Urriaren 24an Cosplay: grimorioak eta iruzurrak hastapen-lantegia egingo dute Tabakalerako Medialaben, @ainari97 cosplayer profesionalaren eskutik. Sei orduko saioan cosplayaren oinarriak, materialak eta pertsonaiak eraikitzeko baliabideak landuko dituzte, arreta berezia osagarrietan jarrita. Lantegia Medialab Tabakalera eta Astearen Animedon sailaren arteko lankidetzaren barruan egingo da.
Sail Ofizialeko lehen filmak
37.edizioko Sail Ofizialean lehiatuko diren film luzeetako batzuk ere aurreratu dituzte. Programazio osoa urriaren erdialdean emango dute ezaguztera, baina dagoeneko zortzi lan iragarri dituzte, askotariko beldurrezko istorio eta geografiak bilduz.
Angel Gomez Hernandezek Crawlers (2026) aurkeztuko du, apartamentu multzo batean armiarma oso pozoitsuen espezie berri baten hedapena kontatzen duen AEBetako ekoizpena. Joko Anwar indonesiarraren Ghost in the Cell (2026) filmak, berriz, segurtasun goreneko espetxe batean gertatutako hilketa beldurgarriak eta presoek aurre egin beharko dioten naturaz gaindiko etsaia izango ditu ardatz.
Japoniatik iritsiko dira Morito Inoueren HotSpring SharkAttack 2: Great Kyushu Showdown (2026), ur termaletako herri bati erasotzen dioten marrazoen istorioaren bigarren atala, eta Dave Boyleren Never After Dark (2026), arima galduei beste mundura igarotzen laguntzen dien medium baten inguruko lana.
Caleb Phillipsen Impostores (Imposters, 2026) filmean, berriz, haurra desagertu ondoren berreskuratu duen bikote batek etxera itzuli dena benetan haien semea ote den zalantzan jarriko du. Kasper Kalleren No Rest for the Wicked (2026) Danimarka eta Feroe Uharteetako ekoizpenak 1862ra eramango du kontakizuna, Baldur arrantzalea eta Helge bale-arrantzalearen arteko harremana eta horrek piztutako indar mistikoak kontatzeko.
Joshua Giulianoren River lanean, aitaren errautsak zabaltzera joandako hiru anaiek hiltzaile mozorrotuei egin beharko diete aurre; Marion Le Corrollerren Sanguine (2026) filmak, aldiz, paziente gazteengan azalpenik gabeko sintomak aurkitzen dituen medikuntza-ikasle baten gorputzera eramango du izua.
Lehen aurrerapena Oscar Martinen Upiro (2026) lanak osatzen du. Estatu espainiarrean Eliza katolikoak dokumentatutako lehen banpirismo kasuan inspiratuta, 1755ean kokatzen da: klausurako monasterio bateko nobiziak hozkadak eta anemia arraro bat jasaten hasten direnean, fraide frantziskotar batek gertatzen ari dena ikertzeari ekingo dio.