(argazkia: GFA)

Elias Querejeta Zine Eskolak 17 herrialdetako 45 ikaslerekin hasi du ikasturte berria

EQZEren bederatzigarren promozioak hamabost hilabeteko ibilbidea egingo du, Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza graduondoko programetan. 215 hautagairen artean aukeratutako ikasleek 2027ko abenduan aurkeztuko dituzte azken lanak.

Elias Querejeta Zine Eskolak bederatzigarren promozioari egin dio harrera Donostian. Guztira, 17 herrialdetako 45 ikaslek osatzen dute 2026-2027 ikasturteko taldea: bederatzi Euskal Autonomia Erkidegotik datoz. Eskolak jasotako 215 hautagairen artean aukeratu dituzte.

Profil eta ibilbide askotarikoak bildu dira promozio berrian. Zinema-artxiboan eta ondarearen zaintzan, komisariotzan eta programazioan edota film labur eta luzeen zuzendaritzan esperientzia duten ikasleak daude, baita ekoizpenean, muntaketan, soinuan, arte-zuzendaritzan eta argazkigintzan aritutakoak ere. Arte Ederretatik, Filosofiatik edo Ikus-entzunezko Komunikaziotik ez ezik, antzerkitik, musikatik, kazetaritzatik, zuzenbidetik eta informatika-ingeniaritzatik iritsitako ikasleak ere badira.

Irailaren 17ra arte egingo dituzte harrera-jardunaldiak. Ikasketa-plana eta eskolako hiru programak ezagutzeaz gain, Euskadiko Filmategiaren eta Tabakaleraren espazioak bisitatuko dituzte. Eskola kokatuta dagoen Egia auzoa ezagutzeko ibilbidea ere egingo dute, Harkaitz Cano idazleak gidatuta, auzoaren iraganera, gaur egungo bizimodura eta kultur espazioetara hurbiltzeko.

Ohiko eskolak irailaren 28an hasiko dira, Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioa amaitu ondoren. Ikasturteak hamabost hilabete iraungo du: lehen bost moduluak irakaskuntzari eskainiko dizkiote, eta azkena master-amaierako lana garatu eta aurkezteko izango da. Ikasleek 2027ko abenduan amaituko dute ibilbidea.

EQZEk hiru graduondoko programa eskaintzen ditu —Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza—, Euskadiko Filmategiaren, Tabakaleraren eta Donostia Zinemaldiaren ezagutza-eremuetatik abiatuta. 2019az geroztik, EHUri atxikitako ikastegia da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna