(argazkia: David Ponce)

Harritxu Getek jasoko du 6. Gladys Saria

Vicomtech zentro teknologikoko ikertzailearen lana aitortuko du aurtengo Gladys Sariak, euskararako itzultzaile neuronalen garapenean egindako ekarpena, teknologian genero-ikuspegia txertatzeko lana eta neska gazteentzat erreferente izateko konpromisoa nabarmenduta. Saria irailaren 24an jasoko du Donostian.

Harritxu Gete Ugarte ikertzaile donostiarrak jasoko du Gladys Sariaren seigarren edizioko aitortza. Teknologia alorrera berdintasuna ekartzeko eta euskararen presentzia digitala indartzeko egindako lana nabarmendu ditu epaimahaiak.

Matematikan graduatua da Gete EHUn, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko masterra egin zuen ondoren, eta arlo bereko doktorego-tesia defendatu zuen 2025ean. Bere ibilbide profesionala Vicomtech fundazioari lotuta egin du eta, gaur egun, itzulpen automatikoan eta hizkuntza-eredu handietan (LLM) dihardu ikertzaile.

Euskararen garapen digitala izan da bere lanaren esparru nagusietako bat. Eusko Jaurlaritzaren Itzuli eta Vicomtechen Batua itzultzaile automatikoen garapenean eta entrenamenduan parte hartu du; bien artean, egunero 300.000 itzulpen-eskaera baino gehiago jasotzen dituzte. Itzulpen automatikoko genero-alborapenak ere ikertu ditu, teknologiaren erabilera etiko eta inklusiboari erreparatuta.

Epaimahaiaren arabera, Getek “genero-ikuspegia txertatu du egindako lanean”, eta ikerketatik kanpo egindako lana ere hartu du kontuan: “Azken urteetan ahalegin berezia egin du neska gazteentzat inspirazio-iturri izateko, komunikabideetan zein jardunaldi ezberdinetan dibulgazio lanetan”. Inspira STEAM programako mentorea da eta Emakumeak Zientzian ekimenean ere boluntario aritzen da.

Gladys del Estal

Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunen lana aitortzea eta gazteentzako erreferenteak ikusgarri egitea du helburu, Gladys del Estal informatikariaren memoria ere gogoan izanik.

Saria irailaren 24an banatuko dute, 18:00etan, Donostiako Santa Teresa komentuan. Ekitaldian, gainera, emakumeek teknologian eta ingurune digitalean duten presentzia erakusteko EITBk, PUNTUEUSek eta EHUko Informatika Fakultateak sustatutako bideopodcast berria aurkeztuko dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna