Donostiako Euskal Jaietan urtero egin ohi duten bezala, Poesia Orduak ekimena antolatu dute Euskal Idazleen Elkarteak eta Donostia Kulturak Viktoria Eugenia Club aretoan. Bi saio izango dira irailaren 9an eta 10ean, arratsaldeko 19:30ean.
Egunero hasten delako eleberriaren 50. urteurrenean, Ramon Saizarbitoriaren obra osoko zati hautatuen irakurraldi musikatua egingo da irailaren 9an, Egunero hasten den musika izenpean. Saizarbitoriaren mundu literario eta musikalaren barneko bidaia bat izango da. Bidaia sentimental bat, alegia, idazlearena, baina baita, neurri batean, “euskal kulturaren ikur bihurtu den belaunaldi oso batena ere”, aurreratu dute antolatzaileek.
Emanaldian parte hartuko dute: Koruko Herasek (pianoa), Koldo Izagirrek (testuen itzulpena), Iban Zalduak (narrazioa), Lourdes Oñederrak (narrazioa), Susana Mendiolak (pianoa), Jabier Muguruzak (ahotsa), Irene Ojangurenek (ahotsa), Txeli Orozek (zeharkako txirul), Mertxe Parrak (pianoa), Beñat Sarasolak (koordinazioa).
Irailaren 10ean berriz, Munduko poesia kaia izango da Iraia Elias aktorea, Jose Luis Otamendi, errezitatzailea eta Noemi Viana dantzariaren eskutik. Munduko Poesia Kaierak egitasmoa Susa agitaletxeak jarri zuen martxan 2014an eta 30. zenbakira iritsi da dagoeneko. Bilduman argitaratutako poemek ardaztutako emanaldi honetan ahotsez eta mugimenduz gorpuztuko dira bilduma osotik ateratako testuak: “poesia errezital hibridoa izango da”, antolatzaileen arabera, zeinean “poesiaz galdekatuko duten umorez egileek, eta errezitatutako poemak gorputz mugimendu bilakatuko diren”.
Poesiarekin batera antzerkia, dantza garaikidea, eta espazio eszenikoaren lanketa artistiko bat ikusi ahal izango dira oholtza gainean. “Emanaldi ausarta eta ez ohikoa izango da honakoa, Munduko Poesia Kaierak bilduma bera izan den bezala: hamaika itzultzailek hizkuntzatik hizkuntzara egin duten bidea hizkuntzatik gorputzera egingo da ikuskizun honetan, poemak mugimenduen hizkuntzara itzuliz”.
Sarrera doakoa izango da bi emanaldietarako, aretoa bete arte eta gonbidapenak Viktoria Eugenia Antzokiko leihatilan banatuko dira emanaldien egunetan bertan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.