Aitziber Etxeberria (argazkia: Kultur Sharea)

Aitziber Etxeberria, Jon Alonso eta Miren Amuriza, Iruñeko Hitzen Mintegian izango dira

Euskarazko literatura-sorkuntza sustatzeko hiru lantegi egingo dituzte urrian, Kondestablearen jauregian. Zientzia-fikzioa eta fantasia, eleberri beltza eta pertsonaien eraikuntza izango dituzte hizpide.

Euskaraz idazteko tresnak eskaintzea eta egile berrien arteko harremanak sustatzea izango ditu helburu aurten ere Iruñeko Hitzen Mintegiak. Literatura lantzen: Generoa eta protagonistak lelopean, hiru lantegi monografiko egingo dituzte Kondestablearen jauregian, Aitziber Etxeberria, Jon Alonso eta Miren Amurizaren eskutik.

Zientzia-fikzioa eta fantasiari buruzko saioak irekiko du zikloa urriaren 10ean. Aitziber Etxeberria Garrok gidatuko du saioa, eta bi generoen ezaugarriak eta egile zein lan esanguratsuak aztertzeaz gain, testu laburrak sortzeko ariketa praktikoak egingo dituzte parte-hartzaileek. Tango urdina, 31 Baioneta, Olivetti, Nomada eta Reset dira Etxeberriak argitaratutako lanetako batzuk.

Urriaren 24an, eleberri beltzaren txanda izango da. Eleberri beltza? Ez, eskerrik asko izeneko lantegian, Jon Alonso idazle eta itzultzaile iruindarrak generoaren ikuspegi historikoa eta irakurketa pertsonal eta ideologikoa landuko ditu. Adibide praktikoen bidez, gaur egungo eleberri beltzean erabiltzen diren estrategia narratiboak ere aztertuko dituzte.

Pertsonaien eraikuntza

Miren Amuriza idazle eta bertsolariak itxiko du zikloa urriaren 31n, pertsonaien eraikuntzari eskainitako saioarekin. Fikziozko pertsonaiei forma eta ahotsa emateko bideak landuko dituzte: nola irudikatu eta deskribatu, nola izendatu, mugimenduan jarri eta hizketan nola jarri. Amuriza Basa eta Pleibak eleberrien egilea da, besteak beste.

Hiru saioak larunbatetan egingo dituzte, 10:00etatik 13:30era, eta Maitane Perez Argotek koordinatuko du zikloa. Gehienez 15 lagunek hartu ahal izango dute parte, eta izen-ematea doakoa da. Epea zabalik dago, eta 010 telefonoaren bidez egin daiteke.

Iruñeko Udalak Euskal Idazleen Elkartearen aholkularitzarekin osatu du Hitzen Mintegia, euskaraz sortzen hasi nahi duten egileei baliabideak eskaintzeko eta, era berean, Egile Berrientzako Euskarazko Literatur Lehiaketan parte hartzera bultzatzeko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna