La Maquinék 'Estación Paraíso' ikuskizuna eramango du Seminarixora

Bergarak helduentzako txotxongiloen nazioarteko mostra hartuko du urriaren 2tik 4ra

Taun Taun Teatroak XVIII. Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen Mostra antolatu du Bergaran. Urriaren 2tik 4ra, Euskal Herriko zein nazioarteko konpainiek txotxongiloak, objektuen antzerkia, zirku garaikidea eta kaleko ikuskizunak eramango dituzte herriko hainbat gunetara. Palestinako Tantura konpainiak ere parte hartuko du aurtengo egitarauan.

Txotxongiloak haurrentzako ikuskizunekin soilik lotzen dituen ideia hautsi nahi du beste behin Taun Taun Teatroak Bergaran antolatzen duen Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen Mostrak. 1991tik bi urtean behin egiten den jaialdiak hemezortzigarren edizioa izango du aurten, eta askotariko lengoaia eszenikoak elkartuko ditu hiru egunez.

“Bergara bezalako herri batera nazioarteko ikuskizun ezberdinak ekartzea da justizia kulturala egiteko gure modua”, azaldu du Itsaso Azkarate Mostrako zuzendariak. Haren esanetan, proposamen moderno eta arriskutsuak ez dira hiri handietara mugatu behar. Urte hauetan sortutako ikusleen komunitatea ere nabarmendu du Azkaratek, eta publikoaren fideltasunak Mostrari zentzua ematen diola adierazi du.

Egitaraua urriaren 2an hasiko da Zurrunka Teatroaren Pulcinella Txio-Txinela lanarekin. Napoliko tradizio zahar batean oinarritutako ikuskizuna gaur egungo garaietara egokitu du Euskal Herriko konpainiak. Egun berean, La Maquinék Estación Paraíso eramango du Seminarixora; memoria ardatz duen lana da, eta 2024ko ikuskizun familiar onenaren Max saria jaso zuen.

Larunbatean, urriaren 3an, Bitsa konpainiaren Haritik tiraka San Pedro elizaren atarian izango da. Eguneroko oroitzapenetatik abiatuta, egunkarietan agertzen ez diren pertsonei eta ekintzei lekua egiten dien lana da. Arratsaldean, Estefania de Paz Asinek Olvido Flores eskainiko du karabana baten barruan: 1936ko uztailean Lodosan gertatutakoak bizi izan zituzten pertsonen testigantzetatik sortutako lana da, oroimenari eta ahaztutako pertsonei egindako omenaldia. Javier Arandaren Saeta lanak itxiko du eguneko egitaraua Seminarixoan.

Palestinako Tantura konpainia izango da igandeko protagonistetako bat. Kartzela Zaharrean egingo duten saioan, ipuinak, musika eta txotxongiloak erabiliko dituzte kultura palestinarra gerturatzeko. Istorio tradizionalak eta parte-hartzea uztartuta, identitatea, memoria eta erresistentzia landuko dituzte, eta Dabke dantzarekin amaituko dute saioa.

Igandean bertan, Rauxa konpainiak Anónimos dantza eta zirku garaikideko lana aurkeztuko du, eta 5,5 metroko Akiles erraldoiak Bergarako kaleak zeharkatuko ditu La Fam Teatreren eskutik.

Mostraren hiru egunetan beste proposamen bat ere izango da ikusgai Aroztegi aretoan: Rauxa konpainiaren Wind and Soul erakusketa. Haizearen bidez objektuak manipulatzeko teknika erabilita, txotxongiloak gizakiaren esku-hartzerik gabe mugiarazten ditu proposamenak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna